«Astigarragarentzat iraultza», tren geltoki berria

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 2a, 01:00

Asteartean aurkeztu zuten Astigarragako tren geltoki be­rriaren proiektua udaletxean, Arantxa Ta­pia, Eusko Jaurla­ri­tzako Eko­no­miaren Garapen eta Az­pi­e­gi­tu­ra Sailburuak eta Zorio­ne Etxe­zarraga, Astigarra­ga­ko alkateak.

Sailburuak azaldu zuen «ha­si­era batean AHTaren Gi­puz­ko­a­ko geltoki nagusia Asti­ga­rra­gan» kokatzekoa zela, baina Do­nostiara aldatzean, Astigarraga «inolako geltokirik gabe geratu» zela. «Bada gabezia bat», gehitu zuen, gertuko trenak, Astiga­rra­gatik pasa arren, bertan gera­tzen ez direla kontuan hartuta,  eta, aldiz, bai Martutenen eta Hernanin. Hori guztia horrela, «Espai­ni­ako Sustapen Minis­te­ri­o­arekin genuen gertutatusa aprobetxatu» dutela azpimarratu zuen, «Astigarragak bere hazkundean behar duen geltokia be­rreskuratzeko. Hori lortu ge­nu­en lehengo urtean, Jaurla­ri­tzari hitzarmen bidez eman bai­tzizaion ardura proiektua egiteko».

Sei trenbideko geltokia
Eraikuntza proiektua «urri in­gururako bukatzea» espero du­tela adierazi zuen. Bertan bil­tzen denez, Astigarragako geltokiak sei trenbide izango ditu. «Bi alboetan egongo dira ibilbide luzeko trenen trenbideak, Do­nos­tiara sartzen ez direnak eta zuzenean, Lezo erabiliz, Iru­ne­ra joango direnak. Ge­hien­bat merkantzietarako erabiliko dira, baina izan daitezke pertsonentzat, beti, AHTari lo­tuta». Erdigunean, berriz, beste lau trenbide izango dira. «Bi muturretan egongo dira andenak izango dituztenak, astigartarrek hartuko dituzten gertuko tren zerbitzuenak. Eta erdigunetik pasako dira AHTko trenak; ez dira geratuko, baina pasa beharra dute».

Trenbide gainean egingo den geltokira joateko oinezko pasarela egingo da, Aiotzategi kaletik aterata.

Aurreikusten da proiektuaren  barruan sartzea egun­go sare konbentzionalaren pa­ra­leloan zirkulatuko duen Her­nani-Astigarraga tarteari da­go­­kion AHT linea. Egungo Ma­dril-Irun linearekin lotuko da As­­ti­ga­rragan, Donostiako Ato­txa­ko gel­tokira sartu ahal izateko eta Frantziako mugara ja­rrai­tzeko. Egungo lineari ‘hiru­ga­rren haria’ gehituko zaio As­ti­garraga eta Irun arteko tartean.

Geltokia gainean, eta pasarela
Diseinuari dagokionez, berezia izango da geltokia, eta, bereziki, bertara iristeko bidea.

Trenbideen gainean egongo da geltokia, aurkezpenean erakutsi zuten irudian ikusten den moduan. 310 m2 izango ditu, behar diren «baliabide teknikoekin, eskailera eta igogailuekin...». Baina bereziena, bertara joateko bidea izango da, «pasarela berezi bat» eraikiko baitute  Aiotzategi kaletik, gutxi-gorabehera kultur etxe berriaren atzealdetik hasita, Bidebitarte poligonoaren ondoan, «200 bat metrokoa, oinezkoentzat eta bizikletentzat. Erreka eta trenbideak pasako ditu gainetik, eta beste aldean errotonda bat eta egungo bidearekin lotzeko beste bide bat egingo dira.

Sailburuaren esanetan, «erra­zagoa zen pasarela poligonoan hastea, baina Udalak gomendatuta bilatu da konponbidea, gauetan leku ilun eta bakartia izan baitaiteke poligonoa». Hain zuzen, Zorione Etxe­za­rraga alkateak ere «proiektua ahalbidetzeko izan den elkarlana» azpimarratu zuen, Jaur­la­ri­tza eta Udalaren artean eta Jaurlaritzaren eta Espainiako Sus­tapen Ministerioarekin. «Ho­rren ondorioz etorri da az­pie­gitura estrategiko bat, izango dena iraultza bat Astiga­rra­garentzat».

7 milioi
Aurrekontu osoaren berri ematea zaila bada ere, sailburuak azaldu zuen proiektuaren aurrekonturako 7 milioiko aurreikuspena egin dela.
Datei dagokienez, lanak 2020an martxan jartzea espero dela aurreratu zuen. Hala ere, gogorarazi zuen hainbat lan «uztartu beharra dagoela: AHTa, geltokiaren obra eta Ergobiako pasabidea». Dena den, nabarmendu zuen «aldiriko tren zerbitzua martxan jarri nahi» luketela, «AHTrik ez badago ere». Horretarako «Sustapen Minis­te­ri­o­aren baimenak» beharko lirake, baina hitzarmenak sinatuta daude, eta «gobernuak aldatuta ere, hitzarmenak man­tendu» egingo direla ziurtatu zuen. 

 

Ergobiako oinezko pasarela

Tren gaineko oinezko pasarela, 10 hilabetez

Lanak hasi dira, eta maiatzean bukatuko dira. 2020ko martxora arte erabiliko da.

Ergobiako oinezkoen pasarela eraikitzeko lanak hasiak ditu Euskal Trenbide Sareak, eta maiatzaren 3an irekiko dela aurreikusten da, oraingo trenbide pasabidea ixtearekin batera.

Madril-Irun lineako trenbide plataformaren gainean behin behinean egingo den pa­sarela hau 10 hilabetez egon­go da jarrita, hain zuzen, den­bora hori beharko baita, gutxi-gorabehera, Ergobiako Goialdeko Igarobidearen la­nak egiteko; 2020ko martxora arte.

Oinezko pasarela hori erabiltzen den bitartean, errepideko trafikoa Okendotegi bidetik desbideratuko da, Martutenera.

Pasabidera iristeko eskailera eta aldapak ere eraikiko dira trenbidearen bi aldeetan, eta disuasio-aparkalekua. Az­ken hau uholdeek hartu dezaketen gunean egongo denez, alertak daudenean atera egin beharko dituzte kotxeak bertatik, jabeek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!