Aurreko asteburuan argitu zuten, aurtengo inauterietako misteroa: mexikarrez jantzi dute, Marian Zabaletak eta Joshean Olanok, Hernaniko terraza ezagunena, Atzieta kalean: «oraindik goiz zen jartzeko, baina eguraldi ona aprobetxatu beharra geneukan!», diote.
Beraiek deskribatu dute, aurtengoa: «mariatxiak dauzkagu, batetik, eta haien txanoetako bi, Mexikotik ekarritakoak dira. Emakume ezkongai bat ere jarri dugu; han jantzi horrekin ezkontzen dira, eta jantzi hori ere, handik ekarritakoa da. Berdin beste emakumearena eta haurrarena. Eta azkenik, mexikarrez jantzi ditugu, urte osoan terrazan dauzkagunak: zazpi ipotxak, Edurne Zuri, eta lorontziekin egindako beste bi figura».
Jantzi horietako batzuk, utzi egin dizkiete; eta gainerakoak, Marianek egin ditu, bi lagunekin batera: «guztia prestatzen laguntzen digute Anak eta Juliok», nabarmendu dute. Izan ere, «lana ematen du», jantzi guztiak prestatzeak.
«Bi hilean behin gutxienez», terraza apainduta
Joan den urteko inauterietan, gnomoak jarri zituzten terrazan; eta orain bi urte, Barrio Sesamo ekarri zuten. Baina hilabete ere ez da izango, azkenekoz apainduta egon zela terraza. Izan ere, inauterietan bakarrik ez, urteko beste hainbat data seinalatutan ere prestatzen dute: «zazpi-zortzi izaten dira urtean. San Sebastian egunean hasten gara, Kaldereroetan gero, Inauterietan, San Joanetan, Karmen Jaietan ere jartzen hasi ginen iaz, Euskal Jaietan, eta Gabonetan. Azkenerako, gure terrazak ia urte osoa pasatzen du mozorrotuta! Bi hilean behin, gutxienez, apaintzen dugu». Urtearen arabera, tokatzen diren ekintza berezietarako ere apaintzen dute; Korrikarako adibidez: «aurten tokatzen da, eta seguru prestatuko dugula zerbait, aurrekoetan bezala».
«Apaindu gabe edukita ere, urte guztian dauzkagu ipotxak eta Edurne Zuri terrazan. Eta badago ume bat, egunero egunero etortzen dena, haiek ikustera. Kontatu ere egiten ditu!»
Duela zazpi bat urte hasi ziren terraza apaintzeko ohiturarekin, Gabonetan: «Olentzero jarri genuen, jaiotzarekin. Inauteriak iritsi zirenean, beste zerbait prestatu genuen; eta ordutik, horrelako datetan beti jartzen dugu. Hori bai, beti ezberdina, inoiz ez dugu errepikatu. Jaiotza ezin da oso desberdina jarri, baina beti gehitzen diogu zerbait berria; aurten, artzain bat eta ardiak».
Hilabete inguru lehenago erabakitzen dute zer jarriko duten, eta orduan hasten dira prestaketan; ez nolanahiko gauzekin, gainera: «San Joanetan Axeri Dantzarena jarri genuenean, utzi ziguten Hernaniko Axeri Dantzan erabili zen aurreneko axeri burua. Eta joan den urtean, Roberto Pachecok zuzendari izateari uzten ziola eta, Musika Banda jarri genuen, omenaldi gisa; eta Zipriri eskatu genizkion instrumentuak. Berehala utzi zizkigun, Bandaren instrumentu zaharrak, Milagrosako pareta batean dauzkatenak».
Koadrilako blusekin ere jantzi zituzten maniki eta figurak, San Joan batzuetan.
«Jartzen dugun bakoitzean, esaten digute aurrekoa baino politagoa geratu dela»
Badakite Zabaletak eta Olanok, ondo jakin ere, ikusmina pizten duela terrazak, herritarren artean: «aurreko astean, esan ziguten Ttapa Ttapa egitasmokoek, begiratzera pasa zirela beraien bueltaxkan, eta ez geneukala jarrita oraindik».
Kalean galdetzen diete, zer jarriko duten oraingoan, noiz jarriko duten... Eta behin prest dagoela... «Beti esaten digute, aurrekoa baino politagoa geratu zaigula». Konturatzen dira, jendea gelditu egiten dela, terraza begiratu eta komentatzera: «inguruko jendea behintzat, zain egoten da, ea noiz jartzen dugun. Aurrekoan, bizilagun bat jaitsi zen bere bilobarekin, umeak denbora zeramakielako esaten, ikusi egin nahi zuela. Eta etxera sartu eta mexikarrak ikusi zituenean, izutu egin zen. Itxura txarra hartuko zien mariatxiei, eta alde egin nahi zuen», kontatu dute.
Baina apainduta ez dagoenean ere, erakartzen ditu zenbait, terrazak: «urte guztian dauzkagu jarrita Edurne Zuri eta zazpi ipotxak. Eta badago ume bat, egunero egunero etortzen dena, haiek ikustera. Eta kontatu egiten ditu, ea denak ote dauden, edo batenbat falta den».
«Izugarri mozorro pila dauzkagu trasteroan!»
Aspalditik daukate mozorroetarako ohitura, beraiek: «lehen, Beti Alperrak koadrilaren konpartsan ateratzen ginen. 20 urtez aterako ginen agian, askotan. Baina zahartu gara horretarako!», diote barrez. Orain, larunbatean afaltzeko mozorrotzen dira lagun guztiak, eta soziedadean elkartu: «epokako jantziekin joango gara gu, Veneziako estiloan edo, maskarekin». Aukera, behintzat, zabala omen daukate: «izugarri mozorro pila dauzkagu trasteroan!».
Horietako batzuek hartuko diete lekukoa, mexikar jantziei. Laster hasiko dira San Joanetakoa pentsatzen. Ideiaren bat badute buruan, baina oraingoz, sekretua dira.