Auzo Batzarra egin zuten pasa den astean Ereñotzun, urte hasiera honetan egindakoak azaldu, eta 2019rako dauzkaten proiektu eta asmoen berri emanez. Auzo Etxeko kultur aretoan azaldu zituzten 2019rako egitasmoak. Denerako aurrekontua 679.555 eurokoa da, eta gehiena azpiegituren hobekuntzan eta inbertsioetan erabiliko da.
Zerbitzuak, ia berdin
Ohikoak diren egitasmoak martxan mantenduko dira. Zerbitzuei dagokienez, denda martxan jarriko da, lokala egokitu eta tresneria, hozkailuak eta abar instalatzean; Aste Santu ingururako prest egotea aurreikusten da. Bestalde, garraio publikoaren gabeziak estaltzen ari da Auzo Udala, batik bat eskolako umeek Hernanin egiten dituzten jardueretako joan-etorriak. Eraikuntza, kale garbiketa eta lorezaintzari dagokionez, orain arteko zerbitzuekin jarraituko da, eta baita interneten hobekuntzekin ere. Bestalde, eskola garbiketako kontratua, abuztura artekoa dena, beste urte betez luzatu ahal izango da, eta kale garbiketarako kontratua egingo da Garbitaniarekin.
Gizarte zerbitzuak, mantendu
Aldaketa gutxi egingo da, baita ere, gizarte zerbitzuetan: gizarte laguntzailea asteartetan egongo da Auzo Etxean; medikuntza zerbitzua ematen jarraituko da gripearen aurkako txertoarekin eta odol emateekin; desfibrigailuak mantenduko dira Epelen, Ereñotzun eta Ugaldetxon; ‘Berriketan’ proiektuarekin segiko da asteazkenetan; eta Gazte Txokoarekin, ostiraletan.
Hezkuntza eta aisialdian, bultzada
Beste atal batzuetan bezala, hezkuntza eta aisialdiari dagokionez orain artekoa mantentzeari bultzada eman nahi dio Auzo Udalak. Haurzaintza zerbitzuari dagokienez, ikasturte amaieran baloratuko da nola segi gero. Artetik, eskolako umeentzat ikastaro eta tailerrekin ere berdin egingo da. Udalekuak, berriz, berriro egingo dira uztaileko astearte, ostegun eta ostiraletan. Era berean, Auzo Udala, Hernaniko Udala eta Txirrita eskolaren arteko lankidetzak jarraitu egingo du.
Festen alorrean, San Antonio jaiak eta Udazken Kulturala antolatuko dira berriz, eta baita uztaileko kontzertuak ere, Irrintzin.
Ibai ertzarekin, arduratuta
Ondarea, turismoa eta ingurunearen alorrean, zehazki ibai ertzetako egoera hobetzeko asmoa agertu da, sentsibilizazioa eta garbiketaren bidez. Horretarako, Hernaniko Udalak zabor ontziak jarriko ditu iaz bezala; Easo Politekniko Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola Goi Mailako zikloko 2garren mailako ikasleen proposamenak aurrera eramango dira; eta Burbunak eta Etsayak liburua argitarauko da.
Azpiegiturak hobetzeko asmoa, lan eta inbertsioetan
Azkenik, lan eta inbertsioetan azpiegiturak hobetuko dira: batetik, argiteria, Epele Torreko bidean eta beste hainbat tokitan; bestetik, herri bideak; eta era berean, Ereñotzuko zentrala. Gainera, Ereñotzuko plazako birmoldaketarako proiektua landuko da, eta futbol zelai inguruko erabileren eta egokitzapenen proiektua lantzea ere aurreikusi da. yy