Bi aste falta dira Martxoaren 8rako, baina dagoeneko hasi dira egun seinalaturako ekintzak prestatzen, zenbait bileratan. Eta aurreneko ekintza, gaur bertan izango da.
Plaza Berrin jarri du zita, Hernaniko Koordinadora Feministak, kontzentrazio zaratatsua egiteko, «heteropatriarkatu kapitalistari planto» egiteko. 19:00etan izango da.
Datorren ostegunean, otsailaren 28an, herri-bira egingo dute Plaza Berritik abiatuta, bizikletaz, oinez... Arratsaldeko 18:00etan elkartuko dira.
Eta azkenik, martxoaren 6an eta 7an, greba feministari buruzko informazio banaketa egingo dute, komertzioetan.
Izan ere, greba deitu dute aurten ere, Martxoaren 8rako. Iazko lau aldarrikapenak izango ditu oinarri, aurten ere: bizitza erdigunean jartzea, indarkeria matxistaren aurka egitea, arrazakeria eta xenofobiaren aurka egitea, eta prekarietatearen kontra egitea. Berrikuntzak izango dira, greba 24 ordukoa egitea proposatu dela, batetik; eta iazko lau ardatzei (enplegua, ikasketak, zaintza-lanak eta kontsumoa), pentsiodunena gehitu zaiela.
Zaintza sarea gizonezkoek, Urumea HerriGunean
Eta hain justu, greba egunari begira, zaintza sarea antolatzen ari dira, Urumea HerriGuneko gizonak. Asmoa da, erraztea emakumeek* greba egin ahal izatea.
Horrela, emakumeak* gonbidatu dituzte, greba egunean izan ditzaketen beharrak biltzera; eta horiek, banatuko dituzte zaintza sarera animatuko diren gizonen artean. Eta gizonei, hain justu, hori eskatu diete, grebari babesa eman nahi badiote: Martxoaren 8an beraiekin bat egin, eta zaintza sarea indartu dezatela. Lanak izan daitezke, azaldu dutenez, pertsona zein animalien zaintza, etxeko lanak, administrazio kudeaketa...
Zaintza sarea antolatu du HerriGuneak, martxoaren 8an gizonek bete ditzaten emakumeen* beharrak.
Ekimenean parte hartzeko, bi formulario jarri dituzte, izena emateko. Emakumeek*, labur.eus/UHG_EmakumeakM8 web orrian daukate aukera; eta gizonezkoek, aldiz, honakoan: labur.eus/UHG_GizonakM8.
Gainera, behar eta ardura guztiak ondo antolatzeko, topaketa bat egingo dute martxoaren 5ean, 18:00etatik 19:00etara HerriGunean, behar-emaile eta ardura-hartzaileekin.
Urumea HerriGuneak jakinarazi du, azkenik, martxoaren 8an zabalik egongo dela jantoki beganoa.