Bazirudien atzean utzi zuela Mundarrok, bolada txarra; eta larunbatean berretsi zituen sentsazio onak. Nola gainera! Arratzain zelai estuan, Billabona kontrario indartsuaren etxean, partidu haundia jokatu zuten moreek, eta gol festa ederra izan zuten: 1-5 nagusitu ziren, sailkapenean hirugarren jarraitzeko, Touring bigarrenarekin berdinduta.
Berehala aurreratu ziren markagailuan, etxekoek bere atean gol bat sartuta; eta 20garren minuturako, beste bi gol sartu zituen Iñurrik. Laugarrena ere oso gertu izan zuten, zutoinak eta atezainak gelditu zuten aukera hirukoitz batean. Eta segidan iritsi zen Billabonaren gol bakarra, baina berehala erantzun zion Markuk, 1-4koa sartuta, buruz. Horrela iritsi ziren atsedenera... penalti bat gelditu zuelako Monedero atezain astigartarrak.
Bigarren zatia, lasaia
Bigarren zati hasieran, etxekoen bultzadari ondo eutsi zioten moreek, eta denbora pasa bezala, baloiaren jabe egin eta partidua lasaitu zuten. Azkeneko minutuan sartu zuen bosgarrena Iñakik, eta horri esker, Billabonaren kontrako gol-averagea irabazi du Mundarrok (0-3 galdu zuten Zarkumendegin, aurrenekoa).
Larunbatean, Euskalduna liderra izango da bisitan.