Orain astebete pasatxo iritsi ziren Atenasera, bertan boluntario aritzeko, Hernaniko SOS Errefuxiatuak taldeko Karmele Recalde eta Kepa Alvarez: «hemen gauden bitartean, behar den guztian egingo dugu lan, eta dirua biltzen ere saiatuko gara, Hernanitik bidali ezin den janaria erosteko errefuxiatuentzat», azaldu du Recaldek.
Zehazki, erraz txartzen den janaria da, erosi nahi dutena: fruta, barazkiak, arrautzak, oilaskoa... Horretarako, herritarren laguntza eskatu dute: «zuen diru ekarpenak behar ditugu, ahal dugun guztian laguntzeko, hemen gauden bitartean. Gure eskuetatik entregatuko dugu jasotakoa, eta konprometitzen gara, ematen duzuen euro bakoitza zuzenean errefuxiatuei helarazteko, janariaren edo lehentasunezko beste edozein beharren bitartez. Benetan, baldintza jasanezinetan bizi dira», diote.
Kontu korrontea, ekarpenetarako
Diru ekarpenak egiteko, kontu korronte zenbakia eman dute: ES95 0138 0019 51 0187761622. Eta adierazi dute, «edozein laguntza» izango dela ongietorria.
Egun hauetan, squart desberdinetatik pasa dira, janari lehorra eramatera, SOS Errefuxiatuakeko bi kiderekin, eta beraiekin lanean ari diren bi errefuxiaturekin. Patraseko portuan ere izan dira, No Name Kitcheneko boluntarioei laguntzeko: «lan ikaragarria egiten dute; lau boluntariok, 140 razio prestatzen dituzte egunero».