Atzera bota du Euskadiko Auzitegi Gorenak, Cominter Tisu enpresak aurkeztutako errekurtsoa; eta beraz, berretsi egin du Donostiako epaitegiaren erabakia: 141.000 euroko kalte ordaina eman beharko die, Juan C.R. langile ohiaren alargunari eta seme-alabei. Amiantotik eratorritako biriketako minbiziaren eraginez hil zen, 2017ko ekainaren 20an.
Hala jakinarazi du, prentsa ohar baten bitartez, Asviamiek, amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak. «Frogatuta geratu zen, arau asko ez zituela bete, Scott Iberica SA zenean, segurtasunari eta higieneari dagokionez», azaldu du.
Mantenuko teknikari bezala aritu zen Juan C.R., 1962tik 1993ra, Gureola Scotten: «bere lanean, konpondu zituen tuberia bero-isolatzaileak eta bapore kaldera, amiantoz forratuak. Gainera, amiantozko plakak aldatu zituen paper-makinaren kanpaian, eta uralitazko plakak moztu eta jarri zituen kubiertan. Eta hori guztia egin zuen arriskua ezagutu gabe, enpresak ez baitzien jakinarazi minbizi arriskua zegoenik, eta babesik eskaini ere», azaldu du Asviamiek.
Gureola Scott zenean, bertako langile izan zen Juan C.R., 1962tik 1993ra, mantenuko teknikari bezala.
Cominter Tisu SL enpresak ez zuen onartu aurrekoen oinordekoa zenik, baina 2014 eta 2015 urteetan kontratatu zituen 30 langileetatik, 24 ziren aurreko enpresakoak. Horrela, jardueraren jarraikortasuna dagoela erabaki du auzitegiak.
Konpentsaziorako funtsaren sorrera, geldituta
Asviamie pozik azaldu da erabakiarekin, «arauak bete ez zituzten enpresak edo haien oinordekoak behartzen dituelako kalte ordainak ematera».
Baina era berean, azaldu du «geldituta» daudela tramite parlamentarioak, biktimen konpentsaziorako funtsa sortzeko, hauteskundeak aurreratu dituztela eta. «Horregatik, eta biriketako minbiziaren izurritea gero eta haundiagoa delako, inoiz baino saiakera haundiagoa egin behar dugu, arauak hautsi dituzten enpresak salatuz, lortzeko biktimei kalte ordainak eman behar izatea», nabarmendu du.