Bihar egingo dute saio berri bat Astigarragan, Santiomendiko eta Landarbasoko paisaiarako planaren inguruan. Udaletxean izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita, Pleno Aretoan; eta bertara gonbidatu dituzte, Astigarragan bizi diren herritar guztiak. Izan ere, bilera partehartzailea izango da.
Bilera horretan azalduko dituzte Santiomendi eta ingurua Babestu eta Antolatzeko Plan Bereziaren «edukiak, ezaugarriak eta prozedurak», aurreratu dutenez. Hasierako onarpena emateko prozesuan dago Plan Berezia, une honetan.
2015ean hasi zuten prozesua, Santiomendi-Landarbaso inguruneko paisaiari buruz: «nork esango zigun, hasi ginenean, hain ibilbide oparoa egingo genuenik. Urte hauetan, ikasi dugu lurraldearen ikuspegi berri bat proposatzen; eta herritarren partehartzea ere ezinbestekoa da», nabarmendu du Zorione Etxezarraga alkateak, prozesuari buruz.
Nazioarteko kongresuan ezagutzera, Santanderren
Paisaiari buruzko plana, Astigarragan ez ezik, nazioartean ere emango dute ezagutzera, martxoaren 13tik 15era. Izan ere, CIOT nazioarteko kongresuan hartuko du parte Astigarragako Udalak, Santanderren, Etxezarragaren eskutik.