Partidua ikaragarrizko indarrarekin hasi zuen Hernanik atzo, Landaren. Santboiana zuen arerio, arerio gogorra beraz, baina argi erakutsi zuçten etxekoek beldurrik gabe edonori aurre egiteko prest daudela.
Dena den, atsedenaldira 20 eta 8koarekin iritsita ere, alde hori ez zen nahikoa izan, eta azkenean, 27-34 galdu zuen.
Lau entsegu, aurreneko zatian
Erasora jo zuen etengabe Hernanik partiduaren aurreneko minututik, baloia askatzeko asmo gutxi zuela argi utziz. Lehia hasi eta 26garren minuturako 3 entsegu eginak zituen.
Atsedenaldira iristerako laugarrena ere lortu zuen: 20 eta 8 bukatu zuten, azken unean Santboianak entsegu baten 5 puntu gehitu baitzizkien aurretik zigor kolpe bati esker lortutako hiru puntuei.
Bigarren zatian, ordea, gauzak okertu egin ziren Hernanirentzat. Erasoaldiaren ondorioz indarrak ahituta, entsegu bat eta horren transformazioarekin 27 puntura iristea lortu bazuen ere, Santboiana indarberrituta aritu zen, eta lau entseguk eta horietako hiruren transformazioek garaipena eman zioten. Azkenean, 27 eta 34, arerioaren aldekoa izan zen markagailua.
Gernika, hurrena
Gauzak horrela, ezinbestekoa du Hernanik garaipenen bat lortzea, azken postuak uxatzeko. Datorren astean Gernikaren aurka izango du galdu ezin duen aukera, sailkapenean azkena baitijoa.