«Ingurumenaren eta gure ongizatea ez dira termino ekonomikoetan soilik neurtu behar»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 17a, 01:00

Gobernu taldeak legealdi honetan zehar hartu dituen erabakietako asko ulertzea «oso zaila» egiten zaiola adierazi du Orain Hernanik pren­tsa oharrean, eta horren adibide, «EH Bildu Hernaniren azken inkoherentzia» jarri du: «%100 elektrikoa, gutxiago kutsatzen duena eta isilagoa den makina garbigailu bat eskuratzeari ezezkoa ematea».

Gainera, ezezkoa emateko arrazoiak «ez dira egiazkoak» OHren ustez.

«EH Bilduren gehiengo osoak oposizio taldeetako edozein motako proposamen zanpatzen du»
Orain Hernaniren esanetan, «herri ekologiko bat defendatuz gero, adibideekin baieztatu behar da», eta beraz, bere ustez, Udalak «ezin du berriro ere gasoilaren alde egin».

Era berean, EH Bilduren arrazoien aurka egin du. «Ez ditugu sinesten eta ez dira egiazkoak; zera diote: teknologia ez dago guztiz garatua, ez dute behar den autonomiarik, garestiagoak dira, Hernanik bi makina garbigailu soilik ditu eta arriskutsua izango litzateke elektriko bat erostea. In­gu­ru­mena eta Hernanin bizi ga­ren pertsonen ongizatea ez di­ra termino ekonomikoetan soi­lik neurtu behar».

«Hernanin bi makina garbigailu egotea herria hain zikin egoteko arrazoietako bat izan daiteke»


Beste udaletxe batzuetan, «batzuk oso gertukoak», egi­az­ta daiteke, OHren ustez, mota honetako makinaria ga­ra­tua dagoela. Autonomia eta gai­tasunari dagokienez ere, «aise dabiltzala» ziurtatzen du.

«Baina badaude gauza ba­tzuk gobernu talde honek en­tzuten ez dituenak. Hernanin bi makina garbigailu egotea herria hain zikin egoteko arra­zoietako bat izan daiteke. Akaso ez al da zentzuzkoa ma­kina garbigailu batean inbertitzea, gure herria garbiago egoteko, gutxiago kontamina dezan eta hobeto bizitzeko?». Gaineratu du Eusko Jaurla­ri­tzaren planaren baitan gailu elek­trikoak erosteko diru-la­gun­tzak ere badirela, eta be­raz, ez duela ulertzen EH Bil­du­ren ezezkoa. «Orain Her­na­nik eskuratu beharreko makina garbigailua elektrikoa edo gu­txiago kutsatzen zuenetakoa izatea proposatu zuen, baina EH Bilduren gehiengo osoak oposizio taldeetako edozein motako proposamen edo ekarpen zanpatzen du», kexatu da.

Arnasten dugun aireari buruz, José Ramón Becerra eta Jesus Uzkudun
Bestalde, Orain Hernanik eta Hernani Martxan taldeak hi­tzaldia antolatu dute astearterako, hilak 19, 18:30etan Bi­terin, aire kalitateari buruz ari­tzeko. Bertan ariko dira José Ramón Becerra, Elka­rre­kin Podemos taldean EQUO Berdeak alderdiko legebiltzarkidea, eta Jesus Uzkudun, lan osasunaren alde aritzen den hernaniarra.
Hitzaldia antolatu da, hain zuzen, Hernaniko Udalak gure herrian airearen kalitatearen inguruko ikerketa argitaratu berritan, Orain Hernaniren esanetan, «EH Bilduren gobernu taldeari denbora falta izan baitzaio adierazteko biztanleria lasai egon daitekeela, ikerketa horretan oinarrituz». Eman diren datuak eta gobernu taldearen baieztapenak «bat egiten duten eztabaidatu» nahi du alderdiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!