Asteartean hasi zen, Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako prozesu subiranistaren eta 12 auzipetuen kontrako epaiketa, eta hori salatzeko hainbat elkarretaratze deitu zituen Gure Esku Dagok, herriz herri; tartean, Astigarragan, Hernanin eta Goizuetan.
Gaur, berriz, Donostian, Groseko Katalunia plazatik 12:00etan aterata egingo da manifestazioa, Elkartasuna Aterpe. Konponbidea. Democracia. Llibertat. mezuekin eta Kataluniarekin batera #SalatzenDut lelopean. «Ez da soilik katalanen aurkako epaiketa. Denon eskubideak epaitzen ari dira. Salatu dezagun», adierazi dute.
Era berean, Konponbide politikoaren alde manifestua sustatu du Gure Esku Dagok, eta hainbat sinatzailek babestu du, konponbidearenalde.eus webgunean ikus daitekeenez. Mezua zabaltzeko dei egin dute.