Azken asteburuetako dinamika aldatu, eta garaipenaren bila inoiz baino seguruago atera beharko dute zelaira gaur, Hernaniko errugbilariek. Santboiana izango dute aurkari, Landaren, eguerdiko 12:00etan hasita.
Sei partiduren faltan, guztiak finala balira bezala jokatu beharko ditu, mailari eusteko lehian. Momentu honetan Hernani 10garren postuan dago, La Vila, azken aurrena dijoanarengandik bi puntutara. Santboiana hiru postu gorago dago, baina puntu aldea nabarmenagoa da: 40 dauzka, jokatutako 16 partiduetatik 7 irabazita.
Hernanik orain arte bost irabazi ditu, baina beti erakutsi izan du sekula etsitzen ez duen taldea dela.
Urteari hasiera ona eman zion, urtarrilean La Vilari irabazita. Baina aurkari oso gogorrak egokitu zaizkio gero, eta galdu egin du Valladolid eta Burgosen kontra; baita Bartzelonaren aurrean, Errege Kopako finalerdia ere.
Pasa den asteburuko atsedenaldiak on egin dielakoan, zaleen babesa eskertuko dute hala ere, beste behin.
Bazkari solidarioa martxoan, Hondarribian
Gaurko partiduan mahaia jarriko da, martxoaren 16an Hondarribiako Klink elkartean egingo den errugbi barneratzailearentzako bazkariko txartelak saltzeko.
Laguntza ere eman daiteke zuzenean, ES 05 2095 5039 90 1061338918 Kutxabankeko kontu korrontean.