2015ean jarri zuen martxan Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua, Arremanitz kooperatibaren eskutik. Lau urte pasa dira ordutik, eta horien balorazioa egin zuten atzo Garazi Etxarri Berdintasun zinegotziak; Nerea Sancho Arremanitz kooperatibako kide eta zerbitzuaren arduradunak; eta Itziar Barbanchok, Hernaniko Lehen Mailako Arretako Unitate Buruak.
Sanchok azaldu zuenez, «zerbitzua sortu zenetik, 200 arreta baino gehiago eskaini dira». Gainera, goranzko joera nabarmendu zuen: «azken urteetan joera nagusia izan da zerbitzua gehiago erabiltzekoa, eta itxaron zerrenda ohikoa izan da».
Zerbitzuak «harrera ona» izan duela ere aipatu zuen Garazi Etxarri Berdintasun zinegotziak, eta beraz, Udalak zerbitzua eskaintzen jarraituko duela iragarri zuen.
Berrikuntzekin, gainera: «ordutegia zabaldu dugu», jakinarazi zuen Sanchok. Hortaz, ostegun arratsaldetan eta larunbat goizetan eskaintzeaz aparte, astearte goizetan ere izango da hitzordua hartzeko aukera.
30-50 urtekoei zuzenduta
Batik bat 30-50 urte bitartekoei zuzendutako zerbitzua da: «adin-tarte horretan gertatzen baitira bizitzan aldaketa garrantzitsu asko: haurrak izatea, senideen zaintza, ezkontzak, banaketak...», onartu du arduradunak.
Sexuari dagokionez, aldiz, emakume zein gizonezkoen kopurua «oso antzekoa» izan dela adierazi zuen.
Osakidetza bidez, herritarrak
Herritarrek zerbitzuaren berri nondik izan duten ere, aztertu dute: «Osakidetzaren bidez eta hedabideetan eta sare sozialetan egiten diren kanpainen bidez hurbiltzen dira herritar gehienak gure zerbitzura», Nerea Sanchoren hitzetan.
Bitartekari lan hori berretsi zuen Itziar Barbanchok: «zerbitzuaren hasieratik parte hartu dugu eta pazienteren batek gai horiekin lotutako arazo bat duela antzeman dugunean, zerbitzu horretara bideratu izan dugu, zerbitzu profesionala eta doakoa».