Astigarragak Lurralde Antolamenduaren Nazioarteko Kongresuan parte hartuko du martxoaren 13, 14 eta 15ean Santanderren, Kantabriako Unibertsitateko kanpusean.
Zorione Etxezarraga alkatea izango da ordezkaria eta pasa den ostegunean udaletxean aurkeztu zuten CIOT kongresua FUNDICOT-Lurralde Antolamenduaren Profesioarteko elkarteko Raoul Servert lehendakari ordearekin batera.
Bederatzigarren kongresua izango da eta lehenengo aldiz parte hartuko du Astigarragako Udalak. Kongresua Cantabriako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatzen da. «Nahiz eta Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak parte hartu, aurreneko aldia da Euskal Herriko udalerri batek partehartzen duena» aipatu zuen Servertek.
Guztira 98 txostengile egongo dira Mundu osotik etorritakoak. Eta beraien artean Astigarragaren proiektuak, paisaia eta lurraldearen antolamenduaren inguruan, leku garrantzitsua edukiko du.
2015ean hasi zuen prozesua Santiomendi-Landarbaso Paisaiarako Ekintza Planarekin. «Nork esango zigun urte horretan hain ibilbide oparoa egingo genuenik» aipatu zuen alkateak. «Ikasi dugu lurraldearen ikuspegi berri bat proposatzen. Herritarren partehartzea ere ezinbestekoa da eta datorren astean bertan saio berri bat dugu. Estrategia propioa da Udalarentzat eta udalerriarentzat. Lankidetza bat egingo dugu kongresuan. Erronka eta ohore haundi bat da guretzat. Zer urrats eman ditugun azalduko dugu, kokatzeko gure burua txikitasunetik horrelako itsaso zabalean. Benetan pozgarria da honelako aukera izatea, Udalak egin duen ahalegin honek ekarpena egiteko aukera. Ekintza planarekin nola hasi ginen, herritarrei zabaltzea, partehartzea... nola izan diren erakutsiko dugu».