Inauteriei emango die hasiera, beste urte batez, Inude eta Artzainen konpartsak. Hurrengo igandean aterako da, otsailaren 24an, goizeko 11:45etan Urumea ikastolatik.
Bertatik, Sandiusterrira igoko dira, gero Elkano kaletik jaitsi eta Plazan sartzeko. Hortik aurrera, Kaxkoan barrena ibiliko dira, Zinkoeneara jaitsi eta berriro Plazara bueltatuta, ekitaldi nagusia antzezteko. Eguraldi txarra egingo balu, Atsegindegin izango da ekitaldia.
170 bat haur, konpartsan
Haur askok hartuko dute parte konpartsan, urtero bezala. Guztira, 170 inguru izango dira, eta horietako 46, dantzariak, Inude eta Artzainak, hain justu.
Haien aurretik joango dira, garai bateko hainbat eta hainbat pertsonaia: globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal-idazkaria, sendagileak, erizainak, argazkilariak... Baina pertsonaiak bakarrik ez, musikariak ere izango dira, konpartsan: txaranga, eta 50 bat ikaslek osatutako danborrada.
26garren edizioa izango du aurtengoa, Inude eta Artzainen konpartsak.