Orain urtebete hasi zuen Hernaniko Udalak, 2018 urtearen hasieran, hilobiratze unitateen errolda eguneratzeko prozesua. Horretarako, «hilerriko errolda xahutzeko lanak» hasi zituen, eta jakinarazi du, bukatzear daudela.
«Lanak hasi genituenetik urtebete pasa den honetan, lehenik eta behin, eskertu nahi dugu herritarrek egin duten ahalegina eta izan duten jarrera, lan honetan laguntzeko, eta prozesua aurrera eraman ahal izateko», nabarmendu du Udalak.
Eta horrekin batera, jakinarazi du hilabete eta erdiko epea bukatuko dituztela lanak: «martxoaren 31n bukatuko dugu hilerriko errolda eguneratzeko prozesu hau. Eta behin aldaketa guztiak egin ondoren, publiko egingo dugu eguneraketa, hilabeteko epea utziz edozein erreklamaziorako», aurreratu du.
Aldaketak egiteko aukera oraindik, zita hartuta
Edozein kasutan, gogorarazi dute, aukera dagoela oraindik, aldaketak egiteko. Eta horretarako, derrigorrezkoa da zita hartzea, «denontzat ahalik eta erosoena izateko».
Zita hartzeko, bi bide jarri dituzte aukeran: 943 33 70 00 telefonora deitu; edo emaila bidali, hilerria@hernani.eus helbide elektronikora.