Eremu euskaldunetako familietan eginen dute egonaldia, astebetez, Lauro ikastolako gaztetxoek; eta horretarako, bost udalerri aukeratu ditu UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Aukeratuen artean dago Goizueta, eta orain, lau harrera familiaren bila dabil Udala, ikasleak etxean hartzeko prest egonen direnak.
Pazko astean izanen da egonaldia, apirilaren 22tik 28ra; eta gazte bat hartuko du, familia bakoitzak. Horren truke, 150 euroko diru saria emanen dio Udalak familiari, gaztearen jatorduen gastuak estaltzeko.
DBH3 edo DBH4 mailako seme-alaba izatea, baldintza
Harrera familia izateko, hori bai, zenbait baldintza bete beharko dira. Hasteko, familiako kide guztiek izan beharko dute euskaldunak, eta etxeko hizkuntza ere, euskera izanen da. Gainera, soilik DBH3 edo DBH4 mailan dagoen seme-alabaren bat duten familiek izanen dute ikasle bat hartzeko aukera. Eta noski, gaztea hartzeko logela bat izan beharko dute, edo adin bereko seme-alabarekin konpartitzeko bitartekoak.
Harrera familiei, eskatuko diete, gaztea bederatzi egunez etxean hartzeaz gain, eguneko jatorduak ematea. Eta gaztearen adin bereko seme-alabari, eskatuko diote berarekin ibiltzea, eta bere lagunartean txertatzea bisitaria, egun horietan.
Loiun (Bizkaia) dago kokatuta Lauro ikastola, eta UEMA eta Eusko Jaurlaritzarekin batera jarri dute martxan proiektu hau, inguru erdaldunetako gazteek ezagutu ditzaten euskeraz bizi diren eremuak, gero beraien inguru propioan euskeraren erabilera areagotzeko.
Nahi dute konturatzea, posible dela etxean, kalean eta batez ere lagunartean, euskeraz aritzea. Proiektu pilotu honen emaitzen arabera, UEMAk eta Jaurlaritzak ikusiko dute, nola zabaldu daitekeen beste eskola eta udalerri batzuetara.