Marokoko basamortuan zehar ibiliko dira Axel Jauregi eta Jon Zarautz hernaniarrak, otsailaren 23an hasiko den Uniraid Rally Solidarioan. Lasterketa honen helburua da bidean zehar pasako dituzten herrietako eskoletan material solidarioa uztea, eta horretarako laguntza biltzen ari dira.
Pasa den asteburuan postua jarri zuten Nafar kalean, Kixkal eta Garin tabernen artean, eta larunbat honetan ere halaxe egingo dute, goizeko 11:30etatik 14:30etara eta arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara.
Zozketa eta bilketa
Lasterketa honetan parte hartzeko bete beharreko baldintzetako bat izan da ibilbidea 20 urtetik gorako kotxe batean egitea. Horretarako, 1997ko Opel Astra bat erosi eta konpondu dute hernaniarrek. Horrek, eta bederatzi etapetan egin beharreko rallyak eragindako kostuei aurre egiteko, dirua bilduko dute larunbatean, zozketa baten bidez; gazta eta afaria izango dira sariak.
Horrez gain, bidaian zehar haurrei emateko material solidarioa ere bilduko dute; eskola materialaz gain, bizikletak eta jostailuak bereziki eskertuko dituzte.