ASVIAMIE, Amiantoraren Biktimen Euskal Herriko Elkartea pozik agertu da Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren epaiarekin, «zapuztu egiten baititu enpresek erabili dituzten maniobrak». Epai honek berretsi egin du Donostiako Auzitegiaren epaia, Pedro Orbegozo-Acenor enpresan 1966 eta 1993 urteen artean elektrizista izandako langileak daukan biriketako adenokartzinomaren jatorria lanekoa dela esaten duena.
Elkartearen esanetan, langileen osasunean eragindako kalteen jatorrian dago lantokietan dauden sustantzia kantzerigenoen aurrean babesteko prebentzio legeak ez betetzea, baina hori «gaixoaren erretzeko ohituraren atzean ezkutatu» nahi izan dute. GERDAU Aceros Especiales Europa, COFIVACASA eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala izan ziren aureneko epaiari errekurtsoa jarri ziotenak.
Dena den, epaiak baztertu egin du langile hernaniarrak lanerako ezintasun iraunkorra onartu ziezaioten egindako eskaera.
«Tabakoak heriotza eragiten du; baita amiantoak, silizeak, ke metalikoek... ere»
Elkarteak azaldu du langileak «zuzenean edo modu ez zuzenean amianto fibrak hasnartu» zituela lanean aritu zen urteetan, eta 2016ko maiatzan egin ziotela gaixotasunaren diagnostikoa, «nahiz eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak gaixotasunaren jatorri profesionala ukatu». Honek eta MUTUALIAk errekurtsoa jarri zioten Donostiako Auzitegiaren epaiari.
Era berean, GERDAUk dio «gaixoa erretzailea dela 15 urte zituenez geroztik, eta tabakoa da daukan gaixotasunaren eragile nagusia; beraz, biriketako minbiziaren jatorri profesionala ez da onartu behar». COFIVACASAk gehitu zuen «amianto fibrarik ez zela agertu biopsian, eta gaixoa erretzailea dela».
Auzitegi Gorenak, ordea, frogatutzat jotzen du gaixoa amianto fibrekin harremanetan izan zela, eta biriketako adenokartzinoma agertzen dela Laneko Gaixotasunen Zerrendan, eta elektrizistaren lanpostuak gaixotasun hori izateko arriskua duela. Elkarteak gaineratu du «biriketako adenokartzinoma tabakoarekin erlazio gutxien duen biriketako minbizia» dela.
Hau guztia horrela, ASVIAMIEk dio «tabakoak heriotza eragiten duela; baita amiantoak, silizeak, ke metalikoek.. ere». Eta «gaixotasun profesionalekiko prebentzio neurri guztiak bete ez zituzten enpresei» eskatzen die «errekurtsoak jartzeari utzi» eta «amiantoaren biktimen konpentsaziorako funtsa lehenbailehen sortzeko eskatu diezaiotela Aldundiari eta Gobernuari».