Eduardo Chillidaren 30 obra inguru ikusgai, Madrilen

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 16a, 01:00

Hauser & Wirth arte-galeriak Hernaniko Chillida-Leku mu­se­oaren ateak irekitzeko ar­du­ra hartu zuen 2017an, eta dagoeneko apirilean irekiko dutela iragarri dute. Ordura arte, ordea, izango dira aukerak Eduardo Chillida zenaren obrarekin gozatzeko.
Aurreko astean, otsailaren 7an, inauguratu zuten erakusketa berriena. Madrilen jarri du Guillermo de Osma galeriak Eduardo Chillida-Pilar Belzun­ce Fundazioarekin eta Bilboko Carreras Mugica galeriarekin elkarlanean.
Martxoaren 27ra arte egongo da bertan ikusgai, eta ondoren, Bilbora lekualdatuko dute, aipatutako galeriara.

Ibilbide artistiko osoko, 30 obra inguru
Denera, 30 obra inguru eraman dituzte Madrilera; eskultura (burdinezko lanak, altzairuzkoak, marmolezkoak eta buztin-egosiz egindakoak, batik bat), grabitazioa, collageak eta ma­rrazkiak, tartean. Ardura­dunek azaldu dutenez, Eduar­do Chilli­dak bere ibilbide artistiko oso­an zehar egindako lan osoaren islada izango da, garai ezberdinetako lanak egongo baitira.


Tres I’ obra, nabarmenduta
Galeriak ohar baten bidez azaldu duenez, «Chillidaren lanean, materialak euskarri huts izateari uko egiten dio; eta agente aktibo bilakatzen du artistak, harekin elkarrizketan jarriaz. Elkarrekin lan liluragarriak sortzen dituzte, beste euskarritan sortutakoekin oso ezberdinak».
Ildo horretatik, Tres I lana nabarmendu dute, 1952an burdinez egindako lan aparta: «burdinezko hiru igitai hartu eta espazioarekin elkarrizketan jarrita eskultura bihurtzen ditu». Donostiako Haizearen orrazia lanean errepikatu zuen koposizio hori, 1977. urtean.

«Chillidaren lanean, materialak euskarri huts izateari uko egiten dio; eta agente aktibo bilakatzen du».

Altzairuarekin eta burdin egosiarekin egindako lanak, ere bai
Monumentaltasunaren bila dijoa, ordea, altzairuzko lanetan. Hori argi eta garbi ikusiko da erakusketako hainbat obretan. 1988ko Topos, Estela VII da horietako bat, baita Gure Ai­taren Etxea lana ere; Gernikan dagoenaren altzairuzko azterlana izango da bertan. Locma­riaquer VI (1989) izan da nabarmendutako beste lanetako bat, bereziki, artista asko asetu zuen lana izan baitzen: xafla metaliko bat moztu eta geometrikoki plegatu zuen Chillidak.
Burdin egosiz egindako obrak Frantziako Saint Paul de Vence herrian sortutakoak dira; pieza bakarrean uztartzen ditu blokearen egoera bolumetrikoa eta marrazki geometrikoa uztar­tzen ditu, inzisioaren bidez edota oxidoarekin bata bestean inprimituz.

Papera ere, elementu aktibo
Aipamen berezia egin diote paperaren gainean egindako lanei; zirriborro izateaz haratago, azterketa estetikoa gara­tzen du bertan. Bertan eraku­tsiko dira 50 hamarkada buka­erako eta 60 hamarkada hasierako tintak; eskuen  marrazki­ak; brearekin egindako collageak; baita grabitazioak ere. Az­ken hauetan, euskarria baino es­kul­tura bihurtuko du papera, bolumena emanez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!