Azken hilabeteetan egiten ari diren urbanizazio lanak bukatu ahal izateko, berrasfaltatze lanak egingo dira bihartik ostiralera bitartean Galtzaur, Portutxo eta Murgierrota kaleetan, Udalak jakinarazi duenaren arabera.
Hori horrela, kaleak itxi egingo dira bihartik ostiralera, eta bihar goizerako eremu batzuk libre uzteko eskatu du.
Aurreneko lanak bihar, Portutxon eta Murgierrotan
Lanekin hasi ahal izateko, bihar goizeko 07:30etarako Portutxo eta Murgierrota kaleak libre utzi behar dira, eta bi egunetan zehar bi eremuak erabat itxita egongo direla jakinarazi dute.
Horregatik, garaje pribatuak ere ezingo dira erabili, ostiralean hesiak kentzen dituzten arte.
Ostegunetik aurrera, Galtzaurren ere bai
Bihar Portutxon eta Murgierrotan egingo duten bezala, ostegunean Galtzaur kalean hasiko dira lanean, eta hori horrela, hau ere itxi egingo da.
Aurrena fresatze lanak egingo dira, eta beraz, ostegunean zehar aukera izango da Galtzaur kaletik pasatzeko, baina ezingo da bertan aparkatu, hurrengo egunean asfaltatze lanak egingo direlako.
Hain zuzen, ostiralean guztiz moztuko da Galtzaur kalea, asfaltatze lan horiek egiteko. Beraz, kaleko sarrera guztiak itxita egongo dira egun osoan zehar, eta ezingo da bertara sartu edo atera, ezta garaje pribaturik erabili ere.
Dena den, Auspero kaleko bizilagunek aukera izango dute Lanberri kaletik sartu eta ateratzeko. Txoritokieta bideko bizilagunek, berriz, kotxea erabili behar izanez gero, kale horren goikaldetik egin beharko dituzte sartu-aterak.
Luzatuz gero, astelehenera arte
Azkenik, Udalak jakinarazi du lanak ostiralerako bukatzen ez badira, astelehenean bukatuko direla. Kasu horretan, kalea ireki egingo da asteburuan, pasa ahal izateko.