Gaur hasiko da Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako prozesu subiranistaren eta 12 auzipetuen kontrako epaiketa, eta hori salatzeko hainbat elkarretaratze deitu ditu Gure Esku Dagok, herriz herri.
Urumea bailaran ere, gaur 19:00etan elkartzeko dei egin da, Astigarragan, Joseba Barandiaran plazan; Hernanin, Plaza Berrin; eta Goizuetan, Plazan. «Espainiako Auzitegi Gorenean hastera doan epaiketa ez da soilik katalanen aurkako epaiketa. Denon eskubideak epaitzen ari dira. Salatu dezagun», adierazi du Gure Esku Dagok. Leloa izango da #SalatzenDut. Elkartasuna aterpe. Konponbidea, Democracia, Llibertat.
Matas Salla, Hernanin
Gaurko elkarretaratzeaz gain, manifestaziorako deia ere egin du Gure Esku Dagok otsailaren 17rako; Donostian, Groseko Katalunia plazan hasiko da, eguerdiko 12:00etan.
Horrez gain, ostiral honetan, hilak 15, Francesc Matas Salla, Asociación Acuerdo de Esquerra por la República Catalanako kidea izango da Hernanin, 19:00etan Biterin.