«Astigarraga herri gaztea da eta beste euskaldunen ardura berdinak dituzte; prekarietatea eta etxebitza»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 16a, 01:00

«Gazteria funtsezko ardatz bat da», adierazi zuen Urkiri Salaberriak, Astigarragan egin den Gazteria Plan berriaren Diagno­siaren aurkezpenean. Asti­garragan egin zen azkena 1990 urtekoa da eta gaur egungo gazteen errealitatera hurbildu eta hobeto ezagutzeko, gero planak abian jartzeko, beharrezkoa ikusi du Udalak. 

Honela, Aztiker Ikerketa sozio­logikoan espezializatutako kooperatibarekin kontaktu­an jarri eta diagnosia egiteko es­katu zaio Mikel Arostegi gazteri teknikaria eta Gaztelo­ka­leko langileen elkarlanarekin. Ostegunean aurkeztu zu­ten lana. 

Aztikerreko Xabier Lukek eman zituen datuak. «Hiru adin tartean banatu ditugu (12-17, 18-25 eta 26-35 urte) galdeketak eta maila kuantitatiboan (datuak lortuz) eta kualitatiboan (elkarrizketak eginez)».

Emaitzek datu esanguratsu batzuk utzi dituzte. Kuan­ti­ta­tiboki kontuan hartu behar omen da Astigarraga, Euska­direkin alderatuz, askoz ere he­rri gazteagoa dela. Pira­mi­dea asko zabalagoa da gazteen adin tartean. Biztan­leria ere bi­koiztu egin da azken bi hamar­kadetan. «Horrek esan na­hi du hurrengo bi hamar­kade­tan gazteek protagonismo haundia edukiko dutela he­rrian eta herria oraindik ere gehi­ago haziko da», adierazi zuen Lukek. 

Antzekotasunak EAErekin
Kualitatiboki ordea Astiga­rraga eta Euskal Auto­nomi Erki­degoaren artean antzekotasunak askoz ere haundiagoak dira. «Euskerari dagokionez gazteenak dira gehien erabil­tzen dutenak, baina  gazteek, batez ere 18 urtetik gorakoek, gehiago ezagutu arren gutxiago erabiltzen dute». Etxebizitza eta lana dira gehien ardura­tzen dien bi gai nagusiak. «Gainera jakitun dira lana egin nahi duten arlo horretan prekarietatea gero eta haundiagoa dela eta horrek emantzipazioa nahi baino beranduago egingo dutela».
Aisialdiari dagokionez, bi adin tarte helduenetan Asti­garragan gune falta nabaritzen dute eta Donostia aipa­tzen da hori aurkitzen duten leku bezala. «Musika entzutea eta zi­nea aipatzen dituzte. Kirol jarduera ohikoagoa da mutilen artean». 

Arduratzen duen beste gaia kohesio falta da. «Hazkunde demografikoari lotua dago kohesio falta. Bizikidetza ez dago arriskuan, baina ez dago duela urte batzuk zegoen kohesio hori gazte eta helduen artean Astigarragan».  Datu hauek eta gehiago kontuan hartuta Udalak Gaz­teri Plana du abian etorkizunean. Auto­no­mia eta emantzipazioa bultzatu, bizi kalitatea hobetu, Udala eta gazteak hurbildu eta nortasun kolektiboa erdigunean jartzea proposatu zuen Lukek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!