Urtarrilaren 22an ofizialki aurkeztu ondoren, herenegun atera zen kalera aurrenekoz Hernaniko Harrera Sarea. Pertsona migratzaileen behar ezberdinei erantzutea helburu duen taldeak jatekoa eta edatekoa eskaini zien hernaniarrei Plaza Berrin, bide batez, sarea zabaldu eta indartzeko asmoz, haienera batu daitezen dei eginez. Izan ere, aurkezpenean azaldu zutenez, «ezinbestekoa» da herritarren laguntza, erakundeen «erantzun eskasaren» aurrean.