Donostialdeko Okupazio Bulegoak deituta, kontzentrazioa burutu zuten herenegun Tilosetan, pasa den asteazkenean, otsailaren 6an gertatutakoa salatzeko: «Hernaniko bi bizilagun desalojatu zituen Urkilla S.L. promotorak. Desalojo honetan, promotoraz gain Hernaniko Bake Epaitegiak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak parte hartu zuten».
Azaldu dutenez, «desalojoa abixurik gabe eman zen, eta inolako agindurik erakutsi gabe». Poliziaren jarrera «harroa» ere kritikatu dute.
«Udalak ezer gutxi egin dezakeela dio»
Gertatutakoaren aurrean, diote, «’Kaleratzerik gabeko herria’ den Hernaniko Udalak ezer gutxi egin dezakeela dio, desalojo bat delako, eta ez etxegabetze bat». «Hernanin pisu bat alokatzeko ohiko laguntzak» eskaini dizkie, «denok ezagutzen dugun arren Hernanin dagoen etxebizitza arazoa».
Okupazioaren bidea, zilegi
Gertatutakoarekin, «bi pertsona eta euren txakurrak kalean geratu dira», salatu du Okupazio Bulegoak; baita «desalojoa, jokabide irregularrak, honen biolentzia eta erakundeen hoztasuna» ere.
«Berriro ere, hamarnaka etxebizitzaren jabe diren espekulatzaileek herritarren duintasunak baino pisu gehiago du. Etxe huts bat gehiago dago, eta bi pertsona gehiago kalean», diote kezkaz.
Eta aldarrikatu dute: «zilegi da okupazioaren bidea etxebizitza izateko».