Noizean behin herrian dagoen kiratsa, eta horrekin lotuta, Hernaniko aire kalitatea bada herritarrentzat kezka-iturri. Eta horri erantzun bat eman nahian, Udalak azterlana eskatu zion 2017an Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari (UPC): «helburua zen gure jarduera industriala eta gure ezaugarriak kontuan hartuko zituen azterketa zorrotz eta independente bat egitea», azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak.
2017ko irailean hasi zituzten ikerketak, eta 2019ko urtarrila bitarteko datuak jaso ondoren, emaitzen berri eman dute. Horretarako, Hernanin izan dira egunotan Xavier Roca eta Jose Francisco Perales ingenieritza industrialean doktoreak eta azterlanaren arduradunak. Aurreneko aurkezpena asteazkenean egin zuten, Ingurumen Batzordean, arduradun politiko eta herritarren aurrean; eta bigarrena ostegunean, prentsaurrean. Haiekin batera aritu den Eva Gallego Ingurumen Zientzietan doktoreak ez zuen bertaratzerik izan.
Egungo emaitzak «ez dira fidagarriak»
Orain arte, «aire kalitateari buruz dauden datu bakarrak Eusko Jaurlaritzak anbulategian jarrita duen estazioarenak dira», azaldu zuen Alkateak. Eta horien arabera, «aire kalitatea ona da».
Horren aurrean, Mattin Aldaia zinegotziak adierazi zuen: «Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia da enpresei Ingurumen Baimen Bateratua ematea eta enpresa horien isurketak kontrolatzea». Lan hori aldiro egiten duela baieztatzen du Aldaiak, «baina aurrez adostutakoak dira kontrolak. Enpresek badakite noiz egingo dizkieten kontrolak eta, horren ondorioz, emaitzak ez dira, gure ustez, fidagarriak».
Enpresei abisatu gabe
Hori horrela, «urte eta erdi honetan egin diren neurketak enpresei abisatu gabe egin dira. Herri osoan barreiatutako kontrol puntu bakoitzean, hamabi egun desberdinetan 24 orduz egin dira eta episodioak ere neurtu dira», azaldu zuen zinegotziak. Dena den, jakinarazi dute aurtengo udan egingo direla azkeneko neurketak, lana osatuko dutenak.
«Legedia oso urria da»
Lehenik eta behin, ikerlariek argitu zuten egindako lana nazioarteko estandarretan oinarrituta egin dutela: «aire kalitatearen arloan dagoen legedia oso urria da: Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen legediak airera isurtzen diren sustantzia batzuk besterik ez ditu neurtzen, eta Europan ez dago direktibarik, nahiz eta herrialde batzuek baduten legedia garatua».
Azterlanari dagokionez, bereziki neurtu dituzte Hernaniko enpresa batzuek isuri ditzaketen sustantzia potentzialki arriskutsuak.
Horretarako, sei neurketa egin dituzte: paper pastaren isurketaren neurketak, beste industria jarduerenak, errepideen isurketak, usainaren bi isurketa 24 ordukoa eta episodioak eta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen datuen azterketa. Horiek neurtzeko, neurgailuak jarri zituzten herriko hainbat txokotan. Neurketa orokorrak Portun, Etxeberrin, Karobietan, Zikuñagan, Antziolan, Karabelen, Sorgintxulon, Sagastialden eta udaletxean egin zituzten hasieran; 24 ordukoak eta usaina sortzen duten COVak (Compuestos Orgánicos Vaolátiles) neurtzen dituztenak, aldiz, Gabriel Zelaian, Etxeberrin, Portun eta Zikuñagan egin ziren.
Neurketa horiei guztiei esker nabarmendu dute: «gune batzuetan antzematen diren isurketa mailak eta episodioen maiztasuna haundiegia da, eta hori ez da aire kalitate ona, konfort egoera maiz gainditzen dutelako, baina toxizitateari dagokionez, ez dituzte legediak ezarritako mugak gainditzen».
Onartu zuten, baita ere, 2018tik beheranzko joera nabari dela isurketetan, eta datu hori «ona» dela hernaniarrentzat. Asteazkeneko aurkezpenean, gainera, herritarren galderei erantzunez, onartu zuten ez dela azaldu «balio altuetan, minbizia sortzen duten sustantziarik».
«Kontrolaren» beharra aldarrikatu zuten, «herritarrentzat bizi kalitatea delako».
Bilera sorta, Udalak
Emaitzak mahai gainean, Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailarekin bilera eskatu du Udalak: «neurriak eskatuko dizkiogu», adierazi zuen Mattin Aldaiak. Enpresekin ere, biltzeko asmoa daukate.