Urtarrilean eman zituen aditzera EAJk, autobus zerbitzuaren inguruan herrian egindako inkestaren emaitzak. Eta horien harira, bere balorazioa egin du EH Bilduk. «Aski ezagunak diren aldarrikapenak azaleratu ditu inkestak: ospitaletako konexioa berreskuratu, egun berezietan zerbitzua indartu, A2aren maiztasuna areagotu... Baina badirudi EAJri harridura sorrarazi diotela», adierazi du EH Bilduk.
Zentzu horretan, salatu du EAJk «hasieratik mespretxatu» egin duela, Astigarraga ospitaleekin eta unibertsitateekin lotzen duen autobus zerbitzua: «eta orain, zerbitzu honen babesle dela saldu nahi du. Alabaina, EAJ izan da, Astigarraga eta ospitale eta unibertsitateen arteko lotura zuzenaren kontra gehien egin duena».
«Alkateak bere botoarekin babestu ditu murrizketak, Batzar Nagusietan»
EH Bilduk gogorarazi du, EAJk eta PSE-EEk gidatutako Aldundiak onartu dituela «autobus zerbitzuan gauzatuko diren murrizketak», PPren babesarekin. «Eta jokatu nahi dute, EAJrekin zerikusirik izango ez balu bezala», kritikatu du.
Gainera, nabarmendu du: «Astigarragako Alkatea, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide izanik, EAJren posizioaren babesle sutsua izan da Batzar Nagusietan; eta Astigarragaren interesen alde aritu beharrean, murrizketak aplikatzea babestu du bere botoarekin».
Hori horrela, EH Bilduk adierazi du, EAJk eta PSE-EEk «doiketa hutsak» direla badiote ere, «erabateko murrizketak» izango dituela Astigarragak, datozen hilabeteotan. Taula osatu du, murrizketen datuekin (goiko argazkian).
Aldundiaren proposamenaren aurrean, Astigarragako EH Bilduk eusten dio «aurreko legealdian, Foru Aldundian, EH Bilduk herritarrekin batera osatu zuen autobus zerbitzu publikoaren proiektuari; Astigarragari murrizketarik ekarriko ez liokeen proiektua».
Eta horregatik, aurreratu du mozio bat aurkeztuko duela Astigarragako Udalean, ikusteko alderdi bakoitzak daukan posizioa, garraio publikoaren murrizketen harira.