«Kirolariren bat ateratzen bada oso ona, eredu izan dadila; baina oinarrizko lana da gurea»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 9a, 01:00

Ikuspegi orokor batetik, nola dago CD Hernani?
Gu zuzendaritzan sartu ginenean, 2015 urtean, aurreneko ba­tzarrean esan genuen, garran­tzia eman nahi geniela klubeko sail guztiei. Futbola da herrian gehien hitz egiten dena, eta zu­zendaritza futbolarekin lo­tzen dute. Baina beste sailek ere sekulako garrantzia daukate, eta hori azaleratu nahi izan dugu. Saiatu gara sail horiekin harremana sendotzen, eta uste dut lortu dugula. Orain, maiz biltzen gara beraiekin, eta gustora ari gara. Nahiz eta bakoi­tza bere aldetik aritu eta kirolek elkarri konpetentzia egin, guztiek nahi dituztelako gazteak be­raien kiroletara erakarri, ha­rreman oso ona daukagu, eta hori bultzatu nahi dugu. Azken batean, gure helburua da ahalik eta gazte gehienek kirola egitea. Hortik aurrera, lortzen badugu batenbatek ibilbide luzea egitea, primeran.

Zertan nabaritu duzue aurrerapausoa, bereziki, sail horiekin?
Batez ere, konfiantza gehiago daukagula gure artean. Lehen, harremana nahiko hotza zen, eta orain, konfiantzarekin bil­tzen gara. Edozein proposamen dagoenean, guztion artean lan­tzen dugu. Uste dut beraiek ere gustora daudela, gertutasun ge­hiago izanda. 2016ko San Joa­ne­tan txupinazoa bota genuenean, adibidez, sail guztiek bota genuen elkarrekin; eta 75ga­rren urteurrena ospatzeko, batzorde bat sortu eta sail guztien artean antolatu genituen ekintzak, frontoian, atletismo pistan eta futbol zelaian. 

«Tokatu zaigu Zubipen, epailea iraintzen ari direla ikustea. Eta horrelakoetan, pausoa eman behar duzu, beldurrak atzean utzita, eta ixiltzeko eskatu. Bestela, betirako geratuko da»

Futbolak dauka indar gehien, hala ere. Nola kudeatzen da, gainerako sailei ere futbolaren adinako garrantzia eman nahi izate hori?
Presentziarekin, batez ere. Niri, presidente bezala, gustatzen zait egotea sail ezberdinetan antola­tzen diren ekintzetan. Atletismoko Adarraga Memo­riala dela, Axeri Bila dela, frontoira ere bai noizean behin… Nire presentziarekin, babesa erakutsi nahi diet. Ez da bakarrik hitzez esatea, beste sailetara gerturatu nahi duzula. Bertara joan eta beraiekin egon nahi dut. Esku pelotan, gainera, badago guraso talde bat, lanean ari dena; eta beraiekin egotea ere gustatzen zait, gure ba­besa adierazteko.

Zein dira zuen erronkak, aurrera begira?
Ezin dugu emaitzei begira jarri eta pentsatu lortuko ditugunik izugarrizko lorpenak. Kirola­ri­ren bat ateratzen bada oso ona, zaindu eta babestuko dugu, eta eredua izan dadila atzetik da­tozenentzat. Gurea oinarrizko lana da. Lortu behar dugu gaztetxoak kirola egitera etor daitezela, hor nonbait porroak erre­tzen edo alperkerian egon beharrean; pena ematen dizu horrela ikusteak. Lortzen ba­du­­gu gazteek 7 edo 8 urtetik 25 urtera arte egitea kirola, sekulako arrakasta da guretzat; hori da nahi duguna. Gazteek kirola egitea da gure helburua, eta beraientzako, onura haundia. Erakundeek ikusi eta baloratu behar dute, nolako meritua daukan klubean hainbeste gazte edukitzeak.

Gero eta gazte gehiagok egiten dute kirola?
Nik baietz uste dut. Bada adin tarte bat, 15 edo 16 urteren buel­tan, gazte asko desmotibatu egi­­ten direna, eta jarraitu dezaten egin behar dugu lan. Eta futbolean ez da gertatzen, baina bai atletismoan eta bai pelotan, ema­kumeek bereziki, adin ba­te­­tik aurrera utzi, eta gero buel­tatu egiten direla. Uste dut, bi sail horietan lan bikaina egi­ten ari direla. Futbolean, asko lehiatzen da, eta nekatuago bu­­katzen dute horretaz. Utzi, eta akaso exijentzia gu­txiagoko ki­roletan hasten dira gero. Baina atletismoan, esku pelotan eta pa­lan, jendeak berriro hel­tzen dio, eta jarraitu egiten du­te, bai­ta oso helduak direnek ere. Atletismo pista iku­si besterik ez dago, Behobia gertura­tzean, adibidez. Eta berdin pala txapelketak antolatzen direnean herrian; jende asko anima­tzen da, baita heldua ere. Zora­ga­rria da egiten ari diren lana.

Lehiatik harago, beste balio batzuk ere sustatzen dira…
Bai, hala da. Uste dut lehia ona dela. Bizitzaren arlo guztietan daukagu, kirolean bezala ikasketetan eta abar. Eta bere neurrian, zoragarria da. Jakin be­har da lehiatzen, irabazten eta galtzen. Eta hori ondo etorriko zaizu, eguneroko bizitzan ere. Bai­na lehiatik aparte ere, gau­za zoragarriak daude. Ikus­tea gaz­teak nola ari diren frontoian, edo atletismo pistan elka­rre­kin korrika, oso polita da.

Emakumeak aipatu dituzu, eta zuek garrantzia ematen diezue berdintasunari eta emakumeen kirolari. Nola landu duzue?
Beraien ondoan egonda, denerako. Komunikazio talde bat ere osatu dugu, eta gizon eta emakume bana dauzkagu bertan la­nean; ederra da bere ikuspuntua izatea. Kirol zuzendari­tzan berdin, gizon eta emakume bana dira, eta bi gene­roetako taldeei ga­rrantzia bera ematen diegu. Ez da hor utzi, eta noizean behin galde­tzea zer moduz ari diren. Aur­ten, adibidez, iku­si dugu nes­ka gutxi apuntatu direla futbolean. Boladak izaten dira. Baina hori ikusita, berehala sor­tu genuen batzorde bat, nesken futbolaren arduradunekin eta zu­zen­dari­tza­ko kideekin, zerbait egin eta neska gehiago animatzeko. Ga­rran­tzia ema­tea ezinbestekoa da, eta sen­titu behar dute gure babesa.

«Errugbi taldearekin ari gara lanean, bi zelaiak altxatzeko proposamen bat osatzeko, uholdeen arazoa konpontzeko»

Protokolo bat ere ari zarete lantzen.
Bai, Udalarekin elkarlanean ari gara, eraso sexisten kontrako protokolo bat prestatzen. Klu­be­an deialdia egin genuen, eta zuzendaritzaz gain, entrena­tzaile eta jokalari asko azaldu ziren. Ainhoa Azurmendirekin aritu ginen ekarpenak egiten eta zirriborro bat prestatzen; eta Udalaren ekarpenekin, azkeneko pausoak falta dira. Orain­goz, Zubi­pe­­rako da pro­tokoloa, bai­na Uda­laren asmoa da, herri oso­ra eta kirol guztietara zabaltzea. Honekin hasi ginen, joan den urtean Eibarren guraso batzu­ekin izan zen iskanbilaren ha­rira. Zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta Udalare­kin hasi gara. Ho­­rrela­ko gauzak, zoritxarrez, futbolean ikusten dira gehien, eta berehala za­bal­tzen dira hedabideetan. Guri ho­rrek min haundia egiten digu, gure lana zalantzan jartzen baita, eta ez daukagu horrekin zerikusirik. Baina egia da, guk he­men hasi behar dugula lanean, eta garbi utzi, horrelako jo­kabideak ez ditugula onartuko.

Zubipen bizitu duzue antzeko egoerarik?
Nik behintzat ez ditut ezagutu. Epailearen kontrako irainak eta errespetu faltak bai, baina eraso sexistarik ez.

«Atletismoan eta palan, lan zoragarria egiten ari dira. Utzi duen jende asko, emakumeak bereziki, bueltatu egiten da»

Epailearena aipatu duzu…
Bai, tokatu zaizkigu egoerak. Epailea iraintzen hasten dira, eta kasu batzuetan, baita jokalariak ere. Eta horrelakoetan, beti egiten duzu zalantza, ikusle horri zerbait esan edo ixi­lik geratu. Baina pausoa eman be­har duzu, zure beldurrak atzean utzita. Hori ez dut onar­tzen, eta zerbait egin behar dut. Joan pertsona ho­rrengana, eta esan ixilik egon dadila, nahiz eta eza­guna izan; askotan, gutxien esperoko ze­nu­en pertsona. Bai­na pausoa eman behar da, bestela betirako geratuko baita ho­rrela. Agian zurekin haserre­tuko da, baina zuk postura hori defenditzen baduzu, kon­tsekuentea izan behar duzu. Eta zoritxarrez, bizpahiru aldiz tokatu zait hori egitea.

Emakumezkoen kirolera bueltatuta, aurrerapausoak eman dira?
Bai, eta uste dut eredu izan behar dugula. Emakumezkoen tal­deak izanda, zabaldu behar dugu, eta animatu neskak kiro­la egitera. Gustatuko litzaidake entrenatzaile eta zuzendaritzako kide gehiago izatea emakumezkoak, eta horretara animatu nahi ditugu.

Nesken futbolean bezala, gainerako sailetan ere aipatzen dute, gazteen beherakada.
Guk Udalari eskatu genizkion da­­tuak, jakiteko zenbat gazte dauden Hernanin. Eta datuak ikusita eta guk dauzkagunekin konparatuta, konturatu gara bes­te arazo bat ere badagoela: ez dagoela hainbeste haur eta gazte Hernanin. Gero eta gu­txia­go dira, eta hori da arazo nagusia.

Emakumeen artean zehazki, akaso palak eta atletismoak daukate arrakasta gehien.
Bai, baina haiek ere ez daude pozik. Palan, izan zuten igoera bat, eta orain hortxe ari dira, mantentzen. Helduekin dauka­te arrakasta haundia. Eta atletismoan berdintsu, hel­duen artean asko dira animatzen direnak. Gazteen artean, bada garai bat, 20-22 urterekin, utzi egiten du­tena, eta gero bueltatzen dira, 30 edo 35 urterekin. Atletismoa gogorra da praktikatzeko, indibidualagoa delako. Taldean en­trenatzen dute, baina bakarrik ere egin behar dute lan. Eta ho­geita piko urterekin jarraitzea, ez da erraza. Gazteagoa zarenean eta taldetxo baten babesa daukazunean, jarraitzen duzu. Baina adin batetik aurrera, gertatzen da zure ingurukoek uzten dutela, eta bakarrik ge­ratzen zarela. Meritu haundia dauka hor jarraitzeak.

Bola da, gutxien gogoratzen garen saila…
Jende heldua da praktikatzen duena, baina gazteen artean gal­­­­du egin da. Badauzkagu bo­la­tokiak, eta asko gainera. Bai­na behera egiten ari da. Orain­dik ere, klubekoek jarrai­tzen dute lanean, txapelketak antolatzen eta jokatzen. Eta bo­lako bi ardu­radunekin, oso ha­rreman ona daukagu. Gai­ne­ra, urtero egiten dugu bazkaria, sail guztietako arduradunekin. Bolakoak ere etortzen dira, noski, eta harrotasunez esaten dute, beraiek ere CD Hernani direla. Baina gazte­en artean, ez dauka jarraipenik. Zaila da, eta ez dakigu zer egin daitekeen, bultzatzeko.

Sail guztietan, instalazioetan beharrak dauzkazue. Zubipen, uholdeen arazoa dago.
Zubipen bi arazo nagusi dauzkagu. Aurrenekoa eta haundiena hori da, uholdeena.  Eta bi­ga­rrena, txikia geratu zaigula, bai zelaiei dagokienez, eta bai­ta aldagelen ikuspuntutik ere. Zahartuta geratu dira, eta arazoak dauzkagu, guztientzako aldagelak eskaintzeko. Epai­le­en kasua bera: lehen denak ziren gizonezkoak, baina gero eta ge­hiago dira emakumezkoak, eta beraz, beste aldagela bat behar dugu. Oso mugatuta gaude.

Nola dago uholdeen gaia?
Gu errugbikoekin ari gara la­ne­an, proposamen bat osatzeko Zubipe eta Landare altxatzeko. Orain zelaia dagoen pisua erabili aparkaleku bezala, eta gainean jarri zelaia. Hori eginda, bi arazo konponduko genituzke batera: aparkaleku faltarena eta uholdeena. Zuzendaritzan sar­tu eta berehala, bilera bat egin ge­nuen Uda­la­­rekin eta errugbikoekin. Eta guk proposatu genuen hemendik mugitzea, eta beste toki batean eraikitzea zelai be­rriak. Baina ez ginen ados jarri. Beraiek nahia­go dute hemen ja­rraitu, eta uste dut azkenean hori dela egokiena; hemen ja­rraitzea, baina kon­ponbide bat bilatuta, noski. URA agentziak ez du baimentzen ibaiaren horma haun­ditzea, eta beste zerbait egin be­harko du­gu. Hori ari gara lan­tzen. Zelaiak altxatuko ba­ge­­ni­tu, gainera, egingo genituzke ze­lai gehiago, Zubipe eta Lan­dare artean; eta toki faltari au­rre egin. Izan ere, en­trena­men­­du­ ordutegia egunero dago bete­ta, 17:00etatik 22:00eta­ra. Errug­bikoak ere etor­tzen dira, tokirik ote daukagun; eta posible bada, uzten diegu ze­lai txikia, baina ez daukagu ge­hia­go­ra­ko. Santa Barbara Ha­­rro­bia­ren prozesuan, proposatu ge­nu­en frontoi bat egitea, eta ze­lai bat, bi taldeok kon­par­ti­tze­ko. Baina Udalak ez zuen horrelako obrarik onartzen.

Frontoiarekin ere espazio arazo bera dago, ezta?
Noski. Pelotan gertatzen da, fron­toian ez direla kabitzen 22 jokalari, futbolean bezala. Lau ariko dira aldi berean, eta to­kia aprobetxatuz, beste lau atzeko aldean. Baina pelotari gutxiren­tzako, behar duzu toki asko. Eta Hernanin, kiroldegikoa eta Ere­ñotzukoa bakarrik daude estalita; eta eguraldi onarekin, Tilo­setan edo Latsunbeberrin aritu daitezke. Guk Udalari proposatu genion, estaltzea Latsun­be­berriko frontoia, futbito kan­txa eta tenis pista. Baina oso garestia zela erantzun ziguten, eta ezin zela egin. Posible zen urtero zati bat egitea, pixkanaka... Baina ez, ez zen atera.

Eta atletismo pistetarako ere, eskaerak egin izan dituzue.
Pistak daude, dauden bezala… Egin zirenetik, ez da ezer berritu. Gainera, modalitate batzuk entrenatzeko tokirik ez daukate. Mailu jaurtiketarako, adibidez, proposatu zitzaion zerbait Udalari, baina aurrekontua egin zuen, eta nik ez dakit oso ondo egin­da zegoen; garestiegia zen, eta uste dut alternatiba merkeagoak bazeudela. Eta orain zain gaude, pista berritzen noiz ha­si­ko, Hernani Erabaki prozesu­an onartu bezala. Pista bera da aldatuko dena. Baina ikusi arte, ez dut sinistu nahi. Zubipen ere, duela bi urte onartu zen zelaiaren inguruan alde bateko hesia aldatzeko proposamena, eta oraindik zain gaude. Aur­ten, aparkalekua haunditzeko proposamena ere onartu da, Ka­rabeleko bizilagunek eskatuta; baina URA agentziak baimena eman behar du horretarako. Udalak eskatu digu, Zu­bi­pe eta Landare arteko aparkalekuetara bideratzea jendea; eta jarri ditugu kartelak, eskatuz bertara joan daitezela, bai­na gehiago ezin dugu egin.

Uholdeen harira esan duzu, errugbi taldearekin ari zaretela lanean. Nolakoa da bi kluben arteko harremana?
Nik esango nuke oso ona dela, une honetan. Seguruenik, lehen ere ona izango zen, baina ho­tzagoa agian. Egin izan ditugu bilerak beraiekin, gai ezberdinen inguruan; eta entrenatzeko ere, ez dago arazorik. Zelaia eskatzen digute, eta libre egonez gero, hemen entrenatzen dute. Gainera, guretzako eredu dira. Egin duten lana sekulakoa da, eta gustatuko litzaiguke haien arrakasta izatea. Ez da Ohorezko Mailara igotzea ba­ka­rrik; zer nolako izena daukan gizartean. Gu ez gara iritsi­ko lehenengo mailara, noski. Baina herritarrak Zubipera horrela jaistea, partiduak ikustera… Gustatuko litzaiguke ho­rretara iristea.

Klubaren ekintzetan, gauzak antolatzeko edo auzolanerako, inplikatzen dira gazteak?
Daukagu taldetxo bat, zoragarria dena. Eta ez bakarrik arazo potoloak daudenean etortzen direlako, uholdeak daudela eta alarma jotzen dugunean bezala. Edozein lan egiteko daude prest. Arropa garbitu behar dela? Etor­­tzen da brigada bat, eta he­men aritzen dira dena txukuntzen. Proposamenak ere egiten di­tuz­te. Orain, adibidez, futbol parti­duak girotzen ari dira. Musika jartzen dute, mikrofonoa ere hartzen dute, eta giroa jartzen dute. Santo Tomasetan ere, postua jarri zuten, eta beraiek antolatu zuten dena. Eta ko­mu­nikazioari dagokionez ere, biak dira gazteak, eta lan zoragarria egiten ari dira; bai kanpora begira, eta baita klubaren ba­rruan ere. Gurasoen inplikazioa da fal­tan botatzen duguna. Esku pe­lotan osatu duten tal­detxo horretan, primeran egiten dute lana; taberna ku­deatu, sarrera kontrolatu… Fut­bo­le­an, adibidez, ge­hia­­go kostatzen zaie gurasoei. Zer­bait eskatzen diezunean, oso ondo erantzuten du­te, baina talde­txo bat osatzea kosta egiten da. Errazagoa da gazteak mobilizatzea. Eta poza ematen du horrek: gazteak ki­ro­lean ikustea, eta baita lanean ere, edozertan laguntzen.

Entrenatzaile eta monitore ere, beraiek izaten dira askotan.
Bai, eta gaztetxoentzat eredu dira, gainera. Hori oso garran­tzitsua da. Pentsa, ikusten du­zu­nean zure monitorea txapeldun izan dela, edo ez dakit zein final jokatu duela… Klubean oso maila haundiko kirolariak dauzkagu, eta gaztetxoentzat hori polita da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!