«Ostiral gaueko parrandaren ondoren» iritsiko da Korrika, Urumea bailarara

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 9a, 01:00

Aurrenekoz aurkeztu zuten elkarrekin, Korrikaren 21garren edizioa, Hernanialdeko AEKren euskaltegiek: Asti­garragakoak, Hernanikoak eta Urnietakoak. Ostegunean izan zen, Herna­nin; eta elkarrekin bakarrik ez, «festa giroan» aurkeztu nahi izan zuten. Eta horretarako, eus­kaltegian Korrikaren nondik norakoak azaldu ondoren, ber­tso-poteoa egin zuten.

Gauerdian iritsiko da Korri­ka aurten, Urumea bailarara; eta horrelakoetan izaten diren nahasketak saihesteko, ondo argitu nahi izan zuten: «ostiraleko parrandaren ondoren iri­tsiko da Korrika, Astigarragara eta Hernanira; eta ez larunbateko parrandaren ondoren».

Zehazki, apirilaren 13ko goi­­zaldean izango da, ostiraletik larunbaterako gauean: Asti­ga­rra­­gan sartuko da aurrena, goi­zaldeko 01:02etan; eta Her­na­nin gero, 01:24etan.

«‘Klika’ leloak, aukera bat erakusten du; eta euskeraren alde egitea aukera bat da»
Aurkezpenean azaldu zuten, baita ere, aurtengo leloaren zentzua: «Klika da leloa, aukera bat erakusten duelako; klik egitea aukera bat delako. Eta euskeraren alde egitea ere, au­kera bat da».

Era berean, aditzera eman zituzten, harremanetarako bi­deak, kilometroak eskuratzeko eta Korrika laguntzaile egiteko: korrikastigarraga@gmail.com, edo korrikahernani@gmail.com. Horretarako epea zabalik dago, eta aurtengo Korrikaren kamixetak, bixerak, pinak... eskuragarri, dagoeneko, AEKren euskaltegietan bertan.

Petoak, berriz, datorren os­ti­raletik aurrera egongo dira sal­gai. Horietako bat eskuratuko du Kontxita Beitia hernaniarrak, ziur. Aurkezpenean bertan izan zen bera, eta galdetu zioten ea orain arteko denak ote zeuzkan: «denak ez, baina zazpigarren Korrikatik aurrera, esango nuke baietz, peto guztiak etxean dauzkadala», argitu zuen Beitiak.

Era berean, jakinarazi zu­ten, parte hartzeko beste modu bat direla Korrika batzordeak. Dagoeneko martxan daude, Korrika Kulturaleko ekintzak antolatzeko: «aur­ten ere, ez dira faltako antzerkia, musika eta dantza», aurreratu zuten.

Eta ez dira faltako, ezta ere, Korrika Txikia, Dino Korrika eta Mikro Korrika, haur eta gazte­txoek parte hartu dezaten.

Bertso-poteoarekin, aurreneko ‘Korrikaldia’
Aurkezpenaren ondoren hasi zi­ren bertso-poteoarekin, eus­kal­tegian bertan, Eli Pagola, Oier Iurra­men­di eta Asier Azpi­roz bertsolarien eskutik. Umo­reari heldu zioten, ha­sieratik: festa-giroa bai, baina musikarik ez zela bota zuen Azpirozek, ez txistulariak, ez txalaparta, eta ez txaranga... «Bertatik bertara bertsolariak, eskerrak etorri geran». Iurramendik, berriz, Klika egitera animatu zituen he­rritarrak: «prentsaurrekoan egin nahi genuen, gure lehenbiziko klika».

Gaur Txillardegiren omenaldira joateko, gonbidapenak eskatu behar dira, doan, ekitaldiak@korrika.eus helbidera idatzita.

Euskaltegian bota zituzten aurreneko bertso horiek, eta kalejiran abiatu ziren gero, Korrikaren pankarta eta guzti, aurreneko Korrikaldia eginez eta «ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Ko­rrika!» oihukatuz, Atxur tabernara. Bertan, Oindin, Garinen eta Goiz Argin, gustora aritu zi­ren poteoan eta bertsotan, Ko­rrika zabaltzen hasteko.

Txillardegiri omenaldia, Donostiako Musikenen gaur
Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ izango da aurtengo Korrikaren omendua. Eta gaur bertan egingo dute ekitaldia, AEKk, Euskal Herriko Uniber­tsi­tateak eta Jakinek antolatuta, euskerari egin zion ekarpena goraipatu eta errekonozitzeko. Donostiako Musikene goi-mailako musika ikastegian izango da, arratsaldeko 19:00etan; eta bertan egoteko, gonbidapenak eskatu behar dira, doan. Horre­tarako, emaila idatzi behar da, ekitaldiak@korrika.eus helbide elektronikora.

Ekitaldi horretan estreinatuko dute, Txillardegiri eskainitako dokumentala ere: Txillar­degiren Klika. AEKk bultzatu du, eta Kote Cama­cho zinegileak zuzendu. Trailerra, interneten dago ikusgai, AEK euskaltegiaren Youtubeko ka­te­­­an.
Gaur estreinatu ondoren, ETB1 telebista katean emango dute dokumentala bihar.

Bereziki, «euskera batuaren alde egindako lana» aitortu eta eskertu nahi diote Txillar­de­gi­ri, gaurko omenaldian. Txillar­de­gi Liburutegia herri-ekimeneko kideek ere hartuko dute parte, Txillardegiren gustuko ziren piano-piezek lagunduta. Haren familiak, oroigarria jasoko du, eta bukaeran jarriko dute, Kote Camachoren dokumentala.

Dokumentala bakarrik ez, liburu bilduma bat ere eskaini diote Txillardegiri; Dabilen pen­tsamendua bildumako aurreneko saila, hain justu. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!