Aurreko igandean jokatu zen, Ordiziako Oiangu parkean, Euskadiko Kros Txapelketa. Eta bertan borobildu zuen Anartz Artola hernaniarrak, kros denboraldi bikaina: Euskadiko txapeldun izan zen, junior kategorian. Hernaniarrak 30:34 denborarekin osatu zuen ibilbidea, eta aurrea hartu zien Gontzal Murgoitio bizkaitarrari (30:57) eta Ander Ganzabal arabarrari (31:34). Podiumean lagun izan zituen biak.
Espainiako Txapelketa izango du azkeneko zita, martxoaren 10ean, Caceresen.
Neska kadeteak ederki, eta taldeka hirugarren
Beste zazpi atleta hernaniar ere aritu ziren Oiangun, eta ederki ibili ziren neska kadeteak. Izaro Salaberria 18garren sailkatu zen, June Montero 24garren, Arixen Unanue 31garren, eta Eider Garro 32garren; eta horrela, hirugarren postua lortu zuten, taldekako sailkapenean.
Fin ibili zen Unai Iraola ere, mutil jubeniletan, 14garren helmugaratuta. Gorka Lopez de Arregik, berriz, ezin izan zuen lasterketa bukatu. Eta ez zuen proba bukatu Ane Otaegik ere, neska jubeniletan.
Sagar Lasterra, hilaren 23an
Lokatzetatik errepidera pasa, eta etxean daukate zita otsailaren 23an, Sagar Lasterrarekin. 8,9 kilometroko ibilbidea egingo dute, 11:00etan hasita. Izenemateak zabalik daude, interneten: www.kirolprobak.com, edo www.rockthesport.com.