Herritar talde batek urtarrila hasieran sortu du Hernaniko Harrera Sarea kalean dauden pertsona migratzaileen beharrei erantzuteko, eta hain zuzen, horretara bideratzeko dirua bildu ahal izateko, pintxoak salduko dituzte gaur, Plaza Berrin.
Postua eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitartean jarriko dute, eta herniarrak animatu nahi izan dituzte «giro onaz gozatu eta elkartasuna adieraztera». Biltzen den dirua laguntzen ari diren lagun horien eguneroko beharrak asetzeko erabiliko dela aurreratu dute: garraioa, higiene produktuak...
Asteartero Biterin biltzen da Harrera Sarea.
Laguntzeko aukera, astearteroko bileretan
Amher, Urumea Herrigunea, Kontrakantxa Gaztetxea... Hainbat eragile daude herrian migratzaileen egoerarekin sentsibilizatuta, eta haietako batzuk deituta egin zen Herritarren Harrera Sarea sortzeko aurreneko bilera, urtarrilean.
Helburua da kalean bizi diren migratzaileei laguntzea, dauzkaten beharrak asetzen: aterpea, elikadura, osasuna... Beharrak asko direnez, laguntzeko moduak ere asko dira: harreralagun izatea, itzultzaile lanak egitea...
Lagundu nahi duenak, asteartero iluntzeko 20:00etan hasita Biterin egiten diren bilera irekietara azaldu besterik ez du.