«Lau hilabete izan edo bost, kantxara bueltatuko naiz»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 8a, 01:00

Ezusteko gogorra jaso zuen astelehenean, Aimar Olaizola pelotari goizuetarrak. Ezke­rre­ko kuadrizepseko tendoian min hartuta, lesio larria izan zuen: lau hilabeteko epea au­rre­ikusi diote, errekuperatzeko.

Hortaz, Binakako Txa­pel­ke­ta utzi behar izan du Olai­zo­lak, finalerdietara sailkatzeko pauso bakarrera zegoenean, Jon Ander Albisurekin. Baina Binakakoa bakarrik ez, Buruz Buruko Txapelketa ere galduko du goizuetarrak.

Horrekin guztiarekin ere, «baikor» begiratzen du aurrera, Olaizolak: «hemendik lau hilabetera izan, edo bostera, badakit kantxara bueltatuko naizela, seguru. Zentzu horretan, errekuperatzeko konfian­tza guztia daukat», azaldu du.

Izan ere, bere burua ondo ikusten du oraindik, goi-mailako kirolean jarraitzeko: «39 urte dauzkat, baina uste dut oraindik pelotan jokatzeko sasoian nagoela. Orain zorte txarra izan dut lesioarekin, baina ondo aurkitu naiz orain arte. Uste dut maila onean ari nintzela txapelketan, gustora jokatzen eta molestiarik gabe».

Pena hartu du goizuetarrak, Binakakoa ezingo duelako bukatu, Albisurekin: «beti izan dut berarekin jokatzeko ilusioa, eta uste dut oso bikote ona osatzen ari ginela».

Ainhoa Urienek eta Patri Espinarrek, finala gaur
Gaurkoan, Emakumea Pilotari Txapelketako finalak jokatuko dira, binaka, Zestoan. Eta bertan ariko dira, hernaniarren bi pelotari ezagun, elkarrekin: Ainhoa Urien, Hernaniko taldean ari den pelotaria, eta Patri Espi­nar, bertan aritutakoa. 

Bikotea osatu dute bi bizkai­tarrek, txapelketan, eta lehenengo mailako finala jokatuko dute gaur, 18:30etan hasita, Gurutzeaga frontoian. Aurrean izango dituzte Nora Mendi­za­bal eta Maider Mendizabal.

Gipuzkoakoaren partidu klabeak gaur, hernaniarrek
Eta gaur jokatuko dute, baita ere, hainbat pelotari hernania­rrek, Gipuzkoako Errendi­men­­duko Txapelketan. Ligaxkako azkeneko jardunaldia dute, eta Hernaniko hiru bikotek daukate aukera, hurrengo fasera sailkatzeko. Infantiletan, Lasar­ten jokatuko dute Iturbek eta Alegriak aurrena, 20:00etan; eta Txintxurretak eta Elizazuk segidan. Bi bikoteek, Intza taldeari irabazi beharra daukate, sailkatzeko. 
Goikoetxea eta Azpeitia ale­binak, berriz, Zestoan ariko dira 20:30etan, etxekoen kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!