Herri Programa lantzen jarraitzeko bigarren batzarra, bihar goizean

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 8a, 01:00

Datorren legegintzaldirako, hau da, 2019-2023rako Herri Programa osatzen ari da EH Bildu, prozesu ireki baten bitartez, eta bide horretan, bigarren Batzar Irekia deitu du biharko. Andrekale 24ko Bil­gunean jarri dute hitzordua, 10:00etatik 13:00etara.

Bertan, orain arte egin diren ekarpenak aztertuko dira, eta ondorioak ateratzea izango da helburua, datozen lau urteetarako EH Bilduren Herri Programa osatzeko. 

20 lan-talde, 20 gaitik gora lantzen
Abenduan eman zion EH Bil­duk hasiera Herri Pro­grama zehazten hasteko prozesuari.
Aurrena, aurreko legegin­tzaldiko programaren eta gau­zatutako lanaren diagnostikoa egin zen, eta horretan oinarrituta, datozen lau urteetarako proposamenak egiteko fasea ireki zen.

Herritarrei irekitako prozesua da, eta beraz, proposamenak egiteko dei egin zitzaien. Denera, 100 bat lagun aritu dira 20 bat lan-taldetan, 20tik gora gai lantzen. 

Orain arte egindako lanaren diagnostikoa oinarri, Herri Programa osatzeko proposamenak egin dituzte, eta biharko batzarrean proposamen horiek aztertu, eztabaidatu eta ondorioak aterako di­ra. Ekarpenak ere jasoko dira, eta guztiarekin Herri Pro­grama finkatzea izango da helburua. 

Ekarpenak egiteko aukera, oraindik
Prozesua irekia izaten ari dela azpimarratu du EH Bilduk, eta herritarrei gogorarazi die oraindik ere egin daitezkeela ekarpenak. «Herri Programa adosteaz gain, herritar horiek izango dira 2019-2023 legegin­tzaldian, EH Bilduren zinego­tzien bidelagun, Udaleko ordezkarien laguntzaile». 

Otsaila bukatzerako edo martxoa hasierarako bukatu nahi da prozesua, Herri Pro­grama garaiz bukatu eta finkatu ahal izateko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!