Zortzi herriren arteko pentatloi txapelketa izanen da ETB1eko programa berriaren oinarrian, Bostekoa izanen du izenburu. Bost herri kirol egin beharko baitituzte bost lehiakidek. Zortzi herrik hartuko dute parte, binaka; horietako bat larunbatean grabatuko dute, Leitza eta Goizuetaren artekoa.
Mungian (Bizkaia) eginen dute grabazioa, eta bertaratzeko gonbidapena egin dute. Jakinarazi dutenez, autobusa jarriko dute goizean bertaratzeko, eta han, jatekoa eta edatekoa ere izanen da. Gainera, «lehia bizia» izanen dela ziurtatu dute. Joan nahi duenak deitu egin beharko du ondorengo telefono zenbakietako batera: 650 50 30 01 edo 609 09 88 37.
Bost proba
Bi herrien arteko lehian, bost proba osatu beharko dituzte goizuetar eta leitzarrek: sokatira; 63 kiloko harria 10 aldiz altxatzea; 25 kiloko bi txinga eramatea; 5 mozketa trontzan; eta 470 kiloko harriarekin giza-proba.
Aurreneko saioa otsailaren 14rako iragarri dute; ordutik aurrera, ostegunero emango dute ETB1en.