Azaroan atera zituen Ereñotzuko Auzo Udalak lehiaketa publikora Irrintzi taberna eta auzoko denda berria, eta dagoeneko esleitu dituzte.
Tabernaren irekiera, datorren astean
Irrintzi Tabernari dagokionez, irekitzeko puntuan dago. Hain zuzen, Auzo Udalak jakinarazi duenez, kuadeatzaile berriek hurrengo ostegunean, hilaren 31n egingo dute inaugurazio festa, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara bitarte.
Orduan emango diote ongietorria auzotarrek, eta hurrengo egunean, otsailaren 1etik aurrera, irekiko dute, ofizialki. Ordutik aurrera, Irrintzi tabernak berriro ere eskaintza luzatuko die auzotar eta bisitari guztiei.
Denda, Aste Santu aldera
Denda berria ere, esleituta dago, baina onartu dutenez, «denbora gehiago» beharko dute. Izan ere, «lokalean egokitzapen obrak egin behar dira».
Obra publikoa denez, «lan horiek egiteko lehiaketa martxan da». Hori guztia eginda, «Aste Santu inguruan irekitzea» espero du Auzo Udalak.