Mondragon Unibertsitateak Hernaniko Orona Ideo gunean daukan kanpuseko hezkuntza eskaintza ezagutzeko aukera izango da larunbat honetan, 10:30etan hasita. Ikasturte honetako bigarren ate irekien jardunaldia izango da; hirugarrena, martxoaren 30ean egingo dute.
Bi ingenieritza gradu
Hain zuzen, bi gradu eskaintzen dituzte bertan, ingenieritzak biak: Energiaren ingenieritza eta Ekoteknologia industrialen ingenieritza. Goi mailako bi ikasketak, programa dualaren bitartez egiteko aukera eskaintzen du Mondragon Unibertsitateak, hau da, aldi berean ikasi eta horren inguruan lan egiteko aukera izaten dute ikasleek.
Ikasketa horien nondik norakoak azaltzeaz gain, ikasleek euren testigantzak emango dituzte, garatzen dituzten proiektuak azalduko dituzte eta unibertsitateko instalakuntzak erakutsiko dizkiete bertaratuei.