GAUR izango da Santa Ageda bezpera eguna, eta beraz, santa eskean ateratzeko eguna bailarako auzo eta herri desberdinetan. Lurra esnatzeko makila hotsek eta eztarri sanoek dei egingo dute kopla zaharrak abestuz.
Astigarragan, Aiztondo abesbatzak eta Norberto Almandoz musika eskolako trikitilariek eta ikasle helduek 19:30etan jarri dute hitzordua udaletxe aurrean, handiak abiatu eta herrian barrena koplak abesteko.
Ereñotzun atzo irten ziren, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, auzoko guraso eta gazteenak eta gaur, 16:30etan, Ur Mia elkartekoen txanda izango da. Ordu horretan irtengo dira Pagoagarantz.
Goizuetarrek arratsaldeko 18:30etan jarri dute hitzordua, herriko plazan makilak astindu eta koplak abesteko herrian zehar.
Eta Hernanin hainbat talde desberdin irtengo dira. Urumea ikastolako ikasle eta irakasleak 10:30etan hasiko dute ibilbidea. Elizatxo ikastolakoak 10:30etan irtengo dira Andrekaletik. Kantuz abesbatzak Ohitura Zaharrak-eko kideek 17:45etan jarri dute hitzordua Milagrosan. Goiz Eguzki eta Kantuz abesbatzak ere irtetzen dira Santa Ageda bezperan Zaharren egoitzatik eta Milagrosatik.