Sagardotegiek bertsoarekin lotura dutela, eta aurten ere ez dio hutsik egingo horri, Dobera Euskara Elkarteak. Beste urte batez antolatu du Bota Bertsoa!, bertso paperen lehiaketa txikia, sagardotegietan.
Dagoeneko hartu daiteke parte, Hernani eta Astigarragako makina bat sagardotegitan, eta martxoaren 25era arte dago epea. Gaia ere zehaztu du, Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak: Aurten? Iaz baino hobea. Orain, sagardotegietako bertsolarien esku, erabakitzea zer ote den hobea, aurten.
Parte hartzeko, nahikoa da sagardotegietan dauden paperetan bertsoa idaztea, nahi den neurri eta doinuan; izen-abizenak eta telefonoa jartzea; eta paperen ondoan egongo den kutxan sartzea, edo emailez bidaltzea, dobera@dobera.eus helbide elektronikora.
Bosgarren edizioa izango du lehiaketak, aurtengoa; eta joan den urtean, 154 bertso jaso zituzten kutxetan, Gaueko lanak, eguneko lotsak gaiarekin. Kalitatezko bertso ugari ziren tartean, Bertso Kabikoen iritziz. Izan ere, beraiek arituko dira epaile lanetan.
Sariak, apirilaren 5ean
Partehartzaileen artean, sari ugari banatuko dituzte: liburu eta ipuinak, otorduak, hainbat kaxa sagardo... Eta dagoeneko jarri dute zita, sariak banatu eta bertsoen emanaldia egiteko. Apirilaren 5ean izango da, 19:00etan Sandiusterrin.