Anoetan izan ziren txirrindulari astigartarrak pasatako asteburuan, Gipuzkoako Pista Txapelketan, Omniumean, eta marka bikainak egin zituzten Semperenatarrek; Jaime Romerok ezin izan zuen parte hartu, gaixo zegoela-eta.
Telmo Semperena juniorrak Donosti Berrirekin hartu zuen parte, eta Urko Semperenak, 23 urtez azpikoetan, Eibar Hiria Energia taldearekin. Bakoitzak lau proba egin zituen: scratch, tempo, eliminazio eta puntuaziokoa.
Telmok bigarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean, scratchean zazpigarren, tempoan seigarren, eliminazioan laugarren eta puntuazioan zortzigarren egin ondoren. Bazpi taldeko Asier Pozo izan zen txapelduna, eta Limousineko Iñaki Diaz, hirugarren sailkatua.
Urkok, berriz, Gipuzkoako pista denboraldia, 23 urtez azpikoetan, aurreneko postuan agurtu zuen. Aurreneko hiru probatan aurreneko postua lortuta, puntuazio proban abantaila hori kudeatzen saiatu zen. Laugarren eginda lortu zuen, bigarren urtez jarraian, txapeldun izatea. Caja Laboral taldeko Aritz Urra izan zen bigarren, eta talde bereko Ion Arakama, hirugarren.
Bordelen, taldekakoa
Gaurkoan lanean jarraitu beharko du Telmok, Bordelen jokatuko den Neguko Madison Txapelketan. Bazpiko Asier Pozorekin osatuko du bikotea.
Bihar, berriz, denboraldiko pistako azken jardunaldia jokatuko du, kadete eta junior mailetako taldekako txapelketan. Telmo eta Donosti Berriko kideak bigarren dijoaz sailkapenean, eta Limousin liderra gainditzea dute helburu.