Beterri-Buruntza eskualdeko Udalek, tartean Astigarragak, urtarrilean aurkeztu zuten Auzolan Berri programa, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta laneratzeko helburuarekin.
Bertan parte hartu dezaketen astigartarren bazterketa egoeraren balorazioa egingo du Udalak datorren astean, eta beraz, interesa dutenek Gizarte Zerbitzuetako Sailarekin harremanetan jarri behar dutela gogorarazi du, dagoeneko izena emanda ez badaude. Horretarako, 943 33 52 32 telefonora deitu edo ongintza@astigarraga.eus helbidera idatzi behar da, lehenbailehen.
Udaleko Gizarte Zerbitzuak bazterkeria egoeran daudenen balorazioa egingo du.
Formazioa eta praktikak, gozogintzan
Auzolan Berri programa bultzatzeko lau urteko hitzarmena lortu dute Astigarraga, Hernani, Andoain, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, eta martxoan jarriko dute martxan.
Urtero, bazterketa-egoeran dauden 15 lagun gizarteratze eta laneratze prozesuan lagunduko dituzte. Hain zuzen, gozogintzan formazioa jasoko dute Hernaniko Transpacar egoitzan, 330 orduz, eta beste 80 orduko lan-praktikak egin ahal izango dituzte. Formazio fasea bukatzean, helburua izango da parte-hartzaileek enpresa pribatu batean lan kontratua lortzea. Horretarako, 3.000 eta 6.000 euro arteko kontratazio diru-laguntzak jarriko dira, sektoreko enpresen eskura.
Denera, programa martxan jartzeko 52.875 euro jarri dituzte bost Udalek; horietatik 8.690,41 euro jarri ditu Astigarragako Udalak.