«Legealdia amaitzear gogoratu da EAJ uholdeekin», EH Bilduk leporatu dionez. Hori horrela, EH Bilduk hiru neurri zehatz lehenbailehen hartzeko eskatu du, «EAJk 4.000.000 euroko inbertsioen berri prentsan eman» arren, «oraingoz proiektu bakar baten idazketarik martxan ez» dagoelako, eta beraz, «proiekturik ez badago, are gutxiago finantzazioa».
Neurriak Pelotari kalean, Ergobian eta Arrobitxulon
EH Bilduk dio «legealdi hasieratik» aritu dela uholdeen aurkako neurriak martxan jartzeko eskaerak egiten.
Horietako batzuk, erdiguneko arazoak konpontzeko; «Pelotari Kalean uholdeak saihesteko beharrezkoa da Goiko Iturritik datozen urak hezeguneko puntuan isuri beharrean, lehenago, Galtzaur errekara desbideratzea. Ekimen honen beharra aurreko legealdiaren amaieratik dator, eta EH Bilduk hamaika bider eskatu du martxan jartzeko. Hiru urte eta erdiren ostean, eta hauteskundeetarako bost hilabete falta direnean, ekimena abiarazteko gogoa piztu zaio EAJri».
Bestalde, «URAk, Akarregi eta Ergobia arteko lanekin hasteko, Udalak lurrak jabetzan eskuratu eta berari ematea beharrezkoa» dela dio, eta salatu du, «gaia bideratzeko azken aukera, EH Bilduk 2019ko aurrekontuari aurkeztu zion emendakina baztertzean galdu» zela.
Azkenik, «eskola haunditzeko aurreikusten den eremuan uholdeak saihesteko neurriak» eskatu ditu EH Bilduk, URAk dioenaren arabera, «10 urteko uholde-eremua» baita. Horri lotuta, «eskola haunditzea Arrobitxulon egingarria den zalantzak ugaritu direnez, EAJk gaia argitu dezan» ere eskatu du EH Bilduk.
Finantzazioari dagokionez, salatu du «EAJk uholdeen aurkako neurri hauek promotore bati etxebizitza gehiago egiteko eskubidea emanez finantzatu nahi» duela, eta «beste aukera batzuk jorratzea» eskatu du, «espekulazioari ateak ixteko garaia» dela-eta.