Erliebea duten pinturak egin ditu Luis Telleria artista hernaniarrak, eta urtarrilaren 25etik daude ikusgai, Biteriko erakusketa aretoan. Otsailaren 9ra arte egongo dira bertan.
Baina gaurkoan, bisita berezia jasoko du Telleriak, erakusketan. Izan ere, ikusmen mugatua duten herritarrak bertaratuko dira, pinturak ezagutzera: Begiris elkarteko 12 laguneko taldetxo bat izango da bertan.
Telleriak berak azaldu zion Kronikari, pintura hauen helburua zela «ikusmen mugatua duten pertsonekin harremanetan jartzea. Ezin dituzte lanak ikusi, ukimenaren bidez irakurri ditzakete soilik. Ez dute kolorerik ikusten, eta azaldu egin behar diezu lana ukitzen duten heinean», azaldu du.
Eta hala egingo du gaur, bere helburua betetzeko aurrerapauso bat izango den bisitan.