Aho batez onartu zuen EH Bilduren asteazkeneko batzarrak Xabier Urdangarin Lasaren hautagaitza, alderdiko alkategai izateko; Astigarragan bizi da azken 20 urteetan, 46 urteko andoaindarra.
Orain, hautagai zerrenda osatzeko epea irekiko da, eta EH Bildun erroldatutako edonork proposatu ditzake zinegotziak.
Oposizioan egindako lanari «zukua ateratzeko» prest
Egungo EH Bilduko bozeramaileak, Andoni Gartziak proposatu zuen Xabier Urdangarin Lasaren hautagaitza, beste hamar lagunen abalarekin batera, eta batzarrean aho batez onartu zen. «Euskal filologian lizentziatua da, eta Urola Kostako Mankomunitateko euskera teknikari ari da lanean. Beraz, administrazio publikoa ondo ezagutzen du, eta hori alde izango du», aurkeztu zuen Ione Olaziregi zinegotziak. Horrez gain, trikitixa jotzen edo Gabonetan koplak kantatzen ere ibiltzen dela gogorarazi zuen, eta «guraso elkartean ere borrokan» aritzen dela.
Bere burua aurkezteko, berriz, lau bertso bota zituen Urdangarinek, eta heldu dion erronkarekin bat egitera animatu zituen. «Kezka eta ardura sentitzen ditut, gai izango ote naizen erronkari erantzuteko. Baina baita ilusioa ere, koxka bat gora egiteko hilabete hauetan. Eta konfiantza. Izan ere, EH Bilduko sei zinegotziek serio eta zintzo egin dute lan, oposiziokoa esker txarreko lana izan arren. Eta lan horri, zukua aterako diogu, datozen lau urteotan».
Zinegotzi zerrenda etaplangintza, hurrengo pausuak
Orain, otsaila eta martxoan zinegotzi zerrenda osatzeko epea irekiko da. EH Bildun erroldatutako edonork proposatu ditzake, zazpi abalekin, elkarrekin.ehbildu.eus atarian. Gartziaren esanetan, erronka da «emakumeak eta gazteak egotea».
Horrez gain, aurrerago zehaztuko diren egunetan saioak egingo dira plangintza osatzeko.