Aurreneko makilkadak bihar, gaztetxo eta helduek

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 2a, 01:00

Otsailaren 5ean da Santa Ageda eguna, eta tradizioari jarraituz, Euskal Herri osoan zehar makilkadak jo eta jo ibiltzen dira herritarrak aurreko egunean, santa eskean. Ereñotzun tradizioari eutsi egiten diote oraindik. 

Familiartean, bihar
Astelehenarekin izango da oraingo honetan, Santa Ageda bezpera, eta hori horrela, bihar egingo dute erronda, txikienek. Katiluzar Gu­raso Elkarteak antolatuta, goizeko 09:15etan abiatuko dira eskolatik gaztetxo eta gurasoak. Handik Pa­goagara joango dira; handik behera egingo dute, eta gero, Lastaolatik gora osatuko dute ibilbidea. 

Eguerdi aldean, Ereñotzun kantatuko dute, eta bazkari eder batekin borobilduko dute, elkartean. 

Ur-Mia elkarteak, bezperan
Bezperako zitari eutsiko diote, aldiz, Ur-Mia elkarteko kideek. Arratsaldeko 16:30ak aldera abiatuko dira Pagoagarantz, eta bertan hasiko dute, ibilbidea. Han hasi, eta Lastaola inguruan dauden etxeetan kantatuko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!