Soinu ezagunak entzungo dituzte gaur, Hernaniko kaleetan. Zartagiei kolpeka aterako dira Kaldereroak, gaueko 21:00etan, Elur-Txori elkartetik. Eta hots horiekin esnatu nahi dute, urtero bezala, hernaniarren inauteri gogoa.
Elkartearen aurrean hasiko da kolpeka eta kantari Kaldereroen konpartsa, inauterien iragarle; eta bertatik, Sandiusterrira egingo dute bisita, bigarren geldialdia eta kantu saioa egiteko. Hortik aurrera, kaxkoan barrena abiatuko dira, kalez kale ibiltzeko, mailuak eta zartagiak eskuan hartuta.
Afaria aurretik, elkartean
Eta Kaldereroen zitari hutsik egingo ez badiote, urteroko ohitura bat ere mantenduko dute, Elur-Txori elkartekoek. Izan ere, afaria egingo dute aurretik, elkartean bertan, iluntzeko 19:30etan hasita. Elkartean dagoen zerrenda apuntatu behar zen aurrez, eta 8 euro dira. Giro ederra sortuko da bertan, martxa ederrean abiatzeko gero.