«Dinamizatu nahi­ko nuke lekua, ez taberna izatea bakarrik»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 2a, 01:00

Azaroan lehiaketa publikora atera ondoren, bi urtetarako esleitu diote Irrintzi Taberna Mikel Salbador Saltzori, «bes­te bi urtez luzatzeko aukerarekin», azaltzen du berak. Os­tegunean inauguratu baino bi egun lehenago hartu zuen Kronika. Irekiera­ren aurrean, «urduri» zegoela aitortu zuen. 

Irrintzi taberna ireki zenuen etzi, zerk bultzatu zinduen lehiaketara aurkeztea?
Kasualitatez, txiripaz izan zen, benetan. Egun batean oinez etorri nintzen Ereño­tzu­ra, paseatzen buelta bat ematera. Gerturatu nintzen Auzo Udaleko bulegoetara, galdetu nuen ea nola zegoen kontua eta eskatu nituen oinarriak. Eta holaxe iritsi naiz honeraino! Ez neukan asmorik halakotan sartzeko!

Zu hernaniarra zara, Ereñotzurekin ze lotura daukazu?
Hernaniar guztiek dauzkagun loturak dauzkat: San Anto­nioak eta erreka.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua taberna hau ereñotzuarrentzat?
Elkartzeko leku bat delako, topaleku bat. Egia da elkarte edo soziedade bat dagoela, Ur-Mia, baina taberna, taberna da. Tabernan zerbitzatu egiten zaituzte, ez duzu norbaitekin geratu beharrik bertara joateko. Iristen zara, eta beti topatuko duzu baten bat! 

Garai batean Ereñotzuk bazituen hiru taberna, nik ezagutu nituenak, behintzat. Gaur egun bat ere gabe gera­tzea, pentsatzen dut auzoarentzat oso gogorra dela.

Esan duzun bezala, ereñotzuarren topaleku ez ezik ekintzak antolatzeko gune bat ere izaten da taberna. Ildo horretatik jarraituko duzu zuk ere?
Asmoa hori da. Egia esan, momentu honetan ez daukat halako prebisiorik. Lehen zeudenek uztailean egiten zuten Urumea Fest, eta hori ere mantentzeko asmoa daukat. Orokorrean, dinamizatu nahi­ko nuke lekua, ez taberna izatea bakarrik; auzoa pixka bat mugitzeko. 

Badakit lehen gauzak ondo egin dituztela, eta ildo horri jarraipena emateko asmoa behintzat badaukat. Adibidez, aipatutako Urumea Fest-a nahiko kontsolidatuta egon zen bere garaian, eta ekintza interesgarria iruditzen zait. Izan ere, udaran, eta uztailean batez ere, San Antonioak pasatzen dira eta badirudi Hernani hustu egiten dela; Ereñotzu aldera, aldiz, badirudi jendea gehiago etortzen dela, errekak erakarrita-edo.

Eta honekin nahi dena da etortzen denari zer edo zer eskaini. 

Zer eskainiko duzu tabernan?
Aurretik izan duen karta bera mantenduko dut, hasieran, behintzat, baita beraiek zeukaten lan egiteko modua ere. Hau da: pintxoak, razioak, plater konbinatuak, eta bokadilloak, orokorrean. Horrela hasi nahi dut, eta orain hasi eta udara bitarte, ikusi egin nahi dut ea nondik nora dijoan kontua, zer kendu daitekeen, zer jarri daitekeen… Ba­dakit aurretik zeudenek ondo funtzionatzen zutela, eta funtzionatzen badu, nahiago dut horrela hasi. Gero, denborarekin, ikusiko dugu nondik nora jotzen dugun!

Ze itxaropen duzu?
Nik lana baneukan eta etorri naiz hona ni izateko nire denbora kudeatzen duena. Abe­rasteko asmorik ez daukat, eta argi dago ez naizela aberastuko, baina bai lana egin eta auzoarekin hartu-emana izatea.  Taberna nire esku utzi dutenez, nahi dudana da no­labait itzuli izan duten begirunea. Hori da proiektuaren asmoa: honetaz bizi, baina era berean, zerbait eskaini auzoari, trukean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!