Baserritar jantziak eta ma–kilak prest dauzkate dagoeneko goizuetarrek, Santa Ageda bezperako errondarako. Oraingo honetan, modu berezian prestatu dituzte, gainera, hamargarren urteurrena ospatuko baitute, santa eskean.
Herriko txoko eta tabernetan zehar
Ospatzeko gogoarekin, eta herria girotzeko asmoz, eginen dute aurtengo erronda goizuetarrek. Aurreko urtetan bezalaxe, arratsaldeko 18:30etan jarri dute hitzordua herriko plazan, eta handik, herriko txoko eta tabernetan zehar ibiliko dira, makila astinduz.
Urtero bezala, taldetxo majoa elkartuko direlakoan dira antolatzaileak: «urtero biltzen gara 20-25 bat lagun, eta nahiz eta astelehena izan, 10garren urteurrena ospatzen dugunez, hortxe ibiliko gara», azaldu dute.
Dena den, edonork parte hartu dezakeela gogorarazi dute, eta animatu dituzte herritarrak: «gustokoa baduzu, baserritarrez jantzi eta azaldu!».