Astigarraga eta Hernaniko pelotariek, orokorrean, ez zituzten emaitza onak izan pasa den asteburuan.
Astigarragako Mundarro taldeak bost partidu jokatu zituen eta lau galdu eta bakarra irabazi zuten. Jubeniletan, Alde Zaharraren kontra, bigarren mailan 22-15 galdu zuten. Hirugarren mailan kadeteek 18-22 lortu zuten asteburuko garaipen bakarra Arrasaten. Alebinek 16-2 galdu zuten Zestoan eta infantil bigarren mailan 18-0 galdu zuten Lasarteko Intzaren kontra. Trinketean ere gauzak ez ziren ongi joan eta 40-17koa izan zen emaitza Behar Zanaren alde.
Trinketean maila galdu du Labakak
Hernaniko pelotariek txapelketa ofizialetan eta pribatuetan aritu ziren. Guztira bost garaipen eta hamar porrot batu zituzten. Euskal Ligako txapelketan Ojuel eta Labakak bigarren garaipena lortu zuten erreskadan, 22-5, Intxurreko bikotearen aurka Alegiko frontoian.
Gipuzkoako Trinkete txapelketan Iñigo Labakak galdu egin zuen jeitsierako partidua, 40-35, Urnietako Loitegiren aurka eta datorren urtean bigarren mailan ariko da. Binakakoa ere hasi berri da eta hernaniarrak ez dute hasiera ona izan. Anartz Oiartzabal eta Oihan Zugasti bikote jubenilak 40-38 galdu zuten Oiarpeko bikotearen aurka eta nagusien lehenengo mailan, Xabat Pagola eta Endika Arizmendik 40-10eko markagailuarekin galdu zuten Loitegi eta Esnaola hernaniarrak osatzen duten bikoaren kontra.
Udaberri Torneoan Xabier Salaberria eta Oihan Zugastik ez dute partidurik galdu eta Lazkaon, 22-20 irabazi zuten Lapke taldekoen kontra. Iñigo Urkizu eta Ekaitz Insaustik, lehenengo mailan, eta Josu Altuna eta Garikoitz Arizmendik, bigarrengoan, berriz ere galdu eta hurrengo faserako sailkatzea zaila dute.