Kronikak Insalusen laguntzarekin antolatutako Bertso Gutiziak ekimena otsailera bueltatuko da pasa den urtean apirilean egin eta gero. Otsailaren 22a da aukeratutako eguna eta beraz, ez ahaztu, eta apuntatu zure agendan! Basque Culinary Centerren egingo da.
Aurreko urteko plan bera
Azkeneko hiru urteetakoaren antzekoa izango da aurtengo Bertso Gutiziak. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera saioari Basque Culinary Centerreko areto nagusian, eta hori pasata, ordu eta erdi beranduago gutxi gorabehera, hasiko da afaria. Mokadutxoek osatutako otordua izango da, BCCko ikasleek beraiek prestatutakoa.
Punta-puntako lau bertsolarik hartuko dute parte, horietako hiru errepikatzaileak: Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Onintza Enbeita. Lujanbiok eta Agirrek azkeneko hiru edizioetan jarri zioten puntua saioari; duela hiru urtekoan eta pasa den urtean izan zen Mendiluze, eta Basque Culinary Centerreko oholtzaren gainean estreinatuko da, aurten, Onintza Enbeita Bizkaiko txapeldun berria. Laurak aski ezagunak izango dira publikoarentzat.
Gai-jartzailea ere aldatuko da aurten eta Unai Elizasu donostiarra ariko da lan horietan.
Sarrerak oraindik ez daude salgai eta lehentasuna, Kronikalari eta bazkideek
Sarrerak oraindik ez daude salgai eta Kronikan bertan argitaratuko da zein egunetan jarriko diren. Lehentasuna Doberako bazkideek eta Kronikalariek izango dute eta sarreren prezioa 20 euro izango da bazkideentzat eta 25 gainontzekoentzat.