Berezia izango da urtarrileko Zinea Euskaraz! saioa, eta puri-purian dagoen pelikula bat ekarriko du Dobera Euskara Elkarteak: Pumori, mendiaren alaba jarriko dute ostegunean, arratsaldeko 18:30etan hasita, Sandiusterrin.
Filmak gogora ekarri nahi ditu, Suku Maya gazte nepaldarraren istorioaren bitartez, 2001eko urrian, Himalayako Pumori mendiaren magalean elur-jausi batek harrapatuta hil ziren bost mendizale euskaldunak. Beñat Arrue aizarnarra zen haietako bat, eta bere kamararekin atera zuen azkeneko argazkian, Sukurekin ageri da, 3 urte zituela. Istripua gertatu eta urtebetera, Nepalera egin zuten bidaia Beñaten gurasoek, istripuaren tokira hurbiltzeko, batetik; eta argazkian ageri zen neska hura ezagutzeko, bestetik. Haiekin bizi da orain, Aizarnan.
Dokumentala ikusteko, sarrerak salgai egongo dira gaurtik, 5 euroan, Doberaren bulegoan (Larramendi kalea 11). Bildutakoa, SOS Himalaya Fundazioarentzako izango da. Egunean bertan, sarrerarik geratzen bada, Sandiusterrin bertan erosi ahal izango dira.
‘Txori txikia eta krokodiloa’ bertsotan, asteazkenean
Beste zita bat ere jarri du Doberak, aste honetarako, Amher eta Koxka elkarteen laguntzarekin: Txori txikia eta krokodiloa, Ipuin Faktoriako argitalpen berriena, bertsotan kontatuko dute asteazkenean, 19:00etan Biteriko areto nagusian. Unai eta Eñaut Agirre izango dira bertso kontalariak, narrazioa egingo dute Jexux Eizagirrek euskeraz eta Ndickou Diouf-Boubacarrek wolofez, eta Maider Yabarrek zeinu hizkuntzan kontatuko du ipuina.